Oñatiko udala

Ingurumen izaerako ekintzak bideratzeko 14.000 euro pasa banatuko ditu udalak.

2014/05/20
Diru-laguntza deialdira aurkeztu ziren hiru proiektuak babestea erabaki da.

  Txirrinka taldeak, AMET espeleologia taldeak eta Arantzadi Zientzia elkarteak osatutako proiektuak dira aurten udalak emandako ingurumen izaerako diru-laguntza jasoko dutenak.

  Txirrinka taldeak, hainbat sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina egiteko egitasmoa aurkeztu zuen, Espeleologi ataldeak, Urzulo 2014 izeneko proiektua eta Arantzadi zientzia elkarteak berriz TXORIBOX egitasmoa: Gipuzkoan, ingurumen heziketa habia-kutxekin lantzeko egitasmoa.

  Diru laguntza hauetarako oinarrietan, onuradunak, irabazi asmorik ez duten eta Oñatin egoitza eta jardun eremua daukaten pertsonak, elkarteak edota entitateak izan beharko dutela dio. Arantzadi Zientzia Elkartearen eskaerak ez du baldintza hori betetzen baina egitasmoa Oñatirako ere interesgarria dela ondorioztatu du Ingurumen Batzordeak eta horren haritik, eskaera aintzat hartzea erabaki zen.

  Hala, proiektu guztien memoriaren kalitatea, eskatzaileen esperientzia, proiektua gauzatzeko aukera, nori zuzenduta dauden eta planteatzen duten berritasun maila baloratu ziren. Guztiek, eskatutako gutxieneko puntuazioa lortuta, diru laguntza guztiei ematea erabaki zen. Baina diru laguntzetarako oinarrietan, gehienezko muga bat ere finkatuta dago: 6.000 euro gehienera. Hala, eta aurtengo deialdirako 15.000 €-ko diru partida zegoela kontutan hartuta, Txirrinkari, 6.000 euro emango zaizkio, espeleologia taldeari ia 5.800 eta Arantzadi Zientzia elkarteari ia 2.500 €.

  Udalaren diruz babestuko diren proiektuak 2014. urte honetan zehar gauzatu beharko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!