Inguruko ondare geologikoa ezagutarazteko Geoturismo asteburua antolatu du Mankomunitateak

2022/05/09
Card image cap
Geoaizkorri marka balioan jarriko da

  Oñati eta Debagoiena gune geologiko bereizgarrian kokatzen da, Aizkorri-Aratz Parke Naturala Gipuzkoa barnealdeko korridore geologikoa baita. Bertan biltzen dira lurraldeko gailur garaienak eta Erkidegoko lur azpiko sistema karstiko handiena, galeria sare zabal bat sortuz. Hori guztia ezagutzera eman nahi du Debagoieneko mankomunitateak maiatzaren 14a eta 15a geoturismo asteburua bihurtuz. Hainbat bisita gidatu antolatu dira Oñatin eta eskualdeko gainontzeko herrietan.

  Oñatin, Oñati geomonumentala izenburupean Sancti Spiritus unibertsitateak gordetzen duen altxor geologikoa erakutsiko da eta Zeraingo Oa harrobitik ekarritako urre-koloreko harrietan harginek utzitako markak ikusiko dira, besteak beste. Larunbat eguerdian egingo da bisita gidatu hori. Larunbat arratsaldean eta igande goizean berriz, Bizipottoka Geoaizkorrin aukera izango da Pottokalekun, pottokak mendeetako eboluzioaren ondorioz gure ingurumenera nola egokitu diren azalduz. Larunbatean baita ere, baina 10:30tan hasita, Espeleotxiki bisita egingo da Arrikrutzen, 6 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzenduta. Eta igandean, 10:30tan hasita baita ere, Espeleoarrikrutz bisita osatuko da 18 urtetik gorako bisitariei Aldaola errekak sortutako bitxi geologiko bereziak erakutsiz.

  Inguruko herrietan ere izango da beste koba eta altxor geologiko batzuk ezagutzeko aukera; Arrasaten esaterako, Galarrako koba eta Kobandi eta Lezetxiki ingurune karstikora bisitak egingo dira, Aretxabaletan Uretsen ibilbidea osatuko da eta Leitz Gatzagan Urre Zuriaren paisaia bisita. Gainera, Bergara eta Antzuolako geologia ezagutzeko hiru orduko ibilaldiak egingo dira larunbat eta igandean.

  Debagoieneko ondare geologikoa biltzen duten bisita gidatu hauetan parte hartu ahal izateko izena eman behar da Mankomunitateko Turismo departamentua telefonoz deituta: 943 796 463 zenbakira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!