Indarrean da nekazaritzarako ur kontsumoa diruz laguntzeko udal ordenantza berria.
Nekazaritzarako ur kontsumoa diruz laguntzeko ordenantza honen helburua, lehenengo sektoreak bizirik iraun dezan, hau bultzatu eta sustatzea da. Horretarako, hiruhilero, gutxienik, 62 metro kubikoko ur kontsumoa duten nekazal ustiategiek kostuaren ehuneko 50eko diru laguntza zuzena jaso ahal izango dute. Beti ere, hobaria aplikatzeko gehienezko oinarria 1000 euroko ur kontsumoa izango delarik. Eta noski, hartarako urtero gordetzen den diru partida agortu bitartean.
Nekazaritzarako ur kontsumoaren kostua arinduko duen diru laguntza hau eskuratu ahal izateko oinarrizko bi baldintza bete beharko dira: onuraduna, eskaera egin baino bi urte lehenagotik Oñatin erroldatuta egon beharko da eta bi urteko antzinatasunaz baita ere, nekazal ustiategia Oñatiko udalerrian inskribatuta izan beharko du. Ustiategi bakoitzeko onuradun bakarra eta ondorioz, era honetako diru laguntza bakarra jaso ahal izango da.
Eskaerak egiteko, nekazaritza ustiategiko titularrek hainbat betebehar hartu beharko dituzte beren gain, hara nola, araudi sektorialek exijitutako administrazio baimen guztiak izan beharko dituzte; landare sanitatea, abereen identifikazio eta sanitatea, eta hauen ongizate eta ingurumenari dagokionean, indarrean dauden araudiek diotena bete beharko da, bestelako higiene eta osasun baldintza guztiak bete beharko diren bezala.
Hartarako eman zen hilabeteko epean alegaziorik jaso ez zela eta, Osoko Bilkuran hasiera bateko izaeraz onartu zuen udal ordenantza automatikoki behin betiko izaeraz onartu eta indarrean sartu da.
Orain, diru laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten nekazari eta abeltzainek, ur erreziboak jaso eta gorde beharko dituzte, datorren urtarrilean bideratu ahal izango duten eskaerari eransteko.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!