Indarrean da herri onurako mendietan larreratzeak eta artzain-txabolen erabilera arautzeko udal ordenantza berria

2022/11/21
Card image cap
Artzain txabolen lagapenaz eta ahuntzak larreratzeko aukeraz aurrekoa osatzen du

  Asteazkenean sartu zen indarrean udalaren herri onurako mendietako larreratzeak eta artzain txabolen erabilera arautzeko ordenantza berria, erreklamazio edo iradokizunetarako epea bete ondoren. Ordenantzak, 2001ekoa osatu eta ordezkatu du. Berritasun nagusiak bi dira: artzain txabolen erabilera eta lagapenari dagokion atala eta ahuntz haziendak larreratzeko aukera jasotzen duena.

  Artzain txabola baten kontzesio eskubidea izateko gutxienez 60 ardiko artaldearen jabe izan beharko da. Txabola inguruan lursail eremu bat utzi ahal izango zaie, eskorta, baratza, ustiaketarako zuhaiztia edo oilategia edo antzekoak jarri ahal izateko. Kontzesioak 5 urte iraungo du, eta beste bost urtez luzatzeko aukera izango da, baina bi urtean behin berrikusiko da kontzesioa, baldintzak betetzen jarraitzen dela ziurtatzeko. Artzainak txabolaren mantenu arrunta egingo du: erreteila, fatxada pintatzea edota instalazioen mantentzea eta eraikinaren egonkortasunerako eta bizigarritasuna hobetzeko diren lanak udalaren ardura izango dira.

  Azienda motei dagokienez ere badu berritasunik indarrean sartu den ordenantza berriak, ardi-ahari, behor-zaldi eta zezen-behiez gain, ahuntz-akerrak larreratzeko baimena ere jasotzen baita aurrenekoz, kudeaketa-plan baten baitan beti ere. Erleak ere onartuko dira eta, gainera, artzainei beren txaboletan bina txerrama eta bi dozena oilar-oilo onartuko zaizkie, beraien beharretarako.

  Ganadua larre eremuetara igotzeko eta jaisteko egutegia finkatzen da ordenantzan eta maiatzaren 1etik aurrera eta otsailaren 28ra arte ibili ahal izango da ganadua herri lurretan. Baina gaineratzen da, larreen egoerak aukera ematen badu larreratzeko sarrera data aurreratu ahal izango dela, artzaintza aldia luzatuz.

  Larreratzea baimentzeko prozedura ere zehazten da ordenantzan, urtero ganadua larreratzeko interesa dutenentzat deialdi irekia egingo dela zehaztuz. 2023koa dagoeneko martxan da eta eskaerak egiteko epea abenduaren 16an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!