Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa egin zen atzo, euri eta giro makurrari aurre eginez

2021/11/26
Card image cap
Bertan parte hartzeko aurreratu zen Osoko Bilkuran, zazpi konpromisodun adierazpen instituzionala azaldu zen

  Emakumeen kontrako indarkeria salatuz eta autodefentsa feminista aldarrikatuz egin zen beste urte batez azaroaren 25eko manifestazioa. Eguraldi makurrari aurre eginez, asko izan ziren plazan elkartu, herri guneko kaleetan ibili eta plazan berriro amaitu zen manifestazioan. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain lema zeraman pankartak ireki zuen martxa eta herritarrekin batera udalbatza osatzen duten kideak ere joan ziren. Manifestazioan parte hartu ahal izateko Osoko Bilkura aurreratu eta 17:30tan hasi baitzen.

  Eta udalbatzaren bilkuran aztertu ziren gaien artean egunarekin bat datorren adierazpen instituzionala. Izaro Elorzak eta Marijo Etxegoienek erdibana irakurri zuten adierazpenak 7 konpromiso jasotzen ditu. Honelaxe dio testuak, hitzez hitz:

  1.- Oñatiko Udalak konpromisoa hartzen du “normaltasunera” bueltatzen ari garen egoera honek indarkeria matxistetan izan ditzakeen eraginak aztertzeko, aldundiekin, Emakunderekin eta mugimendu feminista eta emakume-elkarteekin koordinatuta.

  2.- Oñatiko Udalak konpromisoa hartzen du aurreko puntuan identifikatutako beharrei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak ezartzeko. Horretarako Udal honek ez du murrizketarik egingo 2022eko berdintasun-aurrekontuetan, eta gainera, berdintasununitateak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du. Bide batez, Foru Aldundiari eta Emakunderi ere eskatzen diegu berdintasun alorreko aurrekontupartidak gutxienez ez murrizteko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.

  3.- Oñatiko Udalak konpromisoa hartzen du instituzio arteko koordinazio protokoloaren jarraipen eta etengabeko ebaluaziorako baliabideak sistematizatzeko.

  4.- Oñatiko Udal honek, indarkeria matxista jasan duten emakumeen arreta integrala bermatzeko lan egingo du, ahalduntze ikuspegi batetik, egungo egoerari egokitutako jarduera, espazioak, laguntzak, instituzio arteko koordinazioa, elkarlanerako espazioak…sortuz eta hobetuz.

  5.- Oñatiko Udalak konpromisoa hartzen du, indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautemateko eta esku-hartze goiztiarra egiteko, udal-zerbitzuen bidez eta beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta udaltzainek, etab.).

  6.- Oñatiko Udaletik borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, hau da, herriko mugimendu feminista eta Oñatiko Emakumion Kontseilua bezalako espazioak babestu eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.

  7.- Bat egiten du mugimendu feministak egun honen bueltan antolatutako mobilizazioekin eta ekimenekin, eta jendarte osoari parte hartzeko deia egiten diogu

  2003an Euskal Herrian indarkeria matxistari buruzko datuak jasotzen hasi zenetik 101 emakume eta 11 haur erail dituzte. Atzoko Osoko Bilkuran guztiak izan ziren gogoan, eta bereziki 2021ean zehar eraildako Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!