Indarkeria matxistaren aurka elkarEKIN deia zabaldu da azaroaren 25ari begira

2021/11/22
Card image cap
Pentsionisten elkarretaratzea, manifestazioa eta zine klub emanaldi berezia antolatu dira ostegunerako

  Emakumeenganako indarkeriari aurre egitea denon ardura eta ahalegina dela azpimarratzen du azaroaren 25erako hautatu den lemak, indarkeria matxistaren aurka elkarEKIN. Guztion inplikazio aktiboa eskatzen da, iaz egin zen bezala. Lema hori eramango duen manifestazioa antolatu da ostegun arratsalderako, 18:30tarako, eta deialdiarekin bat egin dute Udalak, herriko talde feministek eta beste eragile batzuk. Horren haritik, Bargastak taldeak eta Oñatiko Sare Feministak azaroaren 25ean kaleratuko diren pankartak egin eta txokolate beroa hartuz gaiaz hausnarketa egiteko deialdi irekia zabaldu dute bezperarako. Antixena Gaztetxean elkartuko dira, 19:30tan. Azaroaren 24an bertan baita ere, baina lehenago, 18:00tan Fabricando mujeres 2.0 ¿Consumimos violencia? dokumentalaren emanaldia izango da Kultur etxeko zine aretoan. Setem Hego Haizea taldeak osatu duen ikus-entzunezkoa ikusi ondoren solasaldia irekiko da.

  Baina indarkeria matxistaren aurkako eguna azaroaren 25a izango da. Egun horretan etxeko leihoetan puntu liladun posterra ipintzeko gonbidapena egin du Udalak, beste urte batez. Lagun Leku elkarteak ere egunak duen aldarrikapenarekin bat egingo du eta berez ostiralean Olakuan egingo litzatekeen pentsionisten hileko elkarretaratzea aurreratu eta eguenean egingo dutela jakinarazi dute. Gaur plazan egin duten bezala, ostegunean Olakuako urmaelaren aurrean indarkeria matxista eta pentsioetan zein soldatetan diskriminazioa nozitzen duten emakumeen egoera salatuko dute. 18:30tan plazan indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa egingo da eta ondoren zine-klub saioan, Lo que no te mata dokumentala pantailaratuko da Kultur etxean. Konfiantzazko giroetan gertatzen diren bortxaketen isiltasuna hausten du Lo que no te mata Alexe Poukinek zuzendutako filmak.

  Indarkeria matxistaren espresio modu ezberdinak ikusarazi eta horien aurkako jarrera erakutsi ez ezik, indarkeria horri aurre egiteko emakumeok ditugun estrategietan sakontzeko asmoz osatu da azaroaren 25aren inguruko egitaraua. Etxeetara banatzen ari diren esku-orriek antolatutako ekintzen berri emateaz gain, indarkeria matxistari aurre egiteko eskura dauden baliabideen berri ematen dute eta udaltzaingoa eta udaleko Gizarte zerbitzuak eta Berdintasun departamentuarekin harremanetan jartzeko bideak zehazten dituzte. Bide batez, Xirrika sexu aholkularitza zerbitzuaren berri ere ematen du. Esku-orria irekita, gainera, leihoetan jartzeko puntu lila izango dugu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!