Inazio Arregi jesuita eta kazetari oñatiarra bart hil da Loiolan
Loiolako Herri irratiaren sortzaile eta zuzendari, Eusko irratia-Radiodifusion Vasca erakunde publikoaren administratzaile eta zuzendari eta Vaticano irratiko informatiboetako zuzendari izana, euskarazko kazetaritzan eta irratigintzan aitzindarietako bat da Inazio Arregi. Bart hil da Loiolan 89 urte zituela.
1931. urtean jaio zen eta umetatik hartu zuen jesuslagunen bidea. Teologian eta Filosofian lizentziatua, kazetaritza ikasketak egin zituen Italiako Bergamo hirian, telebistan eta irratian espezializatuz. Euskal Herrira bueltan, Loiolako Herri irratian hasi zen esatari lanetan 1966an, eta zuzendari ere izan zen 1978tik 1982ra bitartean. Handik EuskoiIrratira egin zuen, euskarazko irrati publikoa izango zena martxan jartzeko arduradun nagusietako bat izan zelarik. Eusko irratiko zuzendaria ere izan zen. 1986an, Vatikanora joan zen, Vatikano irratira, eta albistegietako buru izan zen. Horrez gain, Euskadi irratirako berriemaile gisa ere jardun zuen Erroman. Eta bertan zegoela elkarrizketatu genuen Oñati irratian. TVErekin ere lankidetzan aritu zen urtetan, bereziki Vatikanotik zuzenean ematen zituzten mezei ahotsa jartzen.
Herri-mailako musika-programarik hoberenaren Ondas saria jaso zuen 1970ean eta 2011n Rikardo Arregi sariko epaimahaiaren ohorezko aipamena Miren Jone Azurtzarekin batera.
Inazio Arregiren aldeko hileta elizkizuna bihar goizean Loiolan egingo da eta gorpua ere bertan ehortziko dute, Jesusen Lagunak konpainiak duen kanposantuan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!