IMSERSOk 2013-2014 oporraldi programan parte hartzeko izen ematea ireki du.

2013/06/26
Informazioa udaleko gizarte zerbitzu departamentuan eskuratu daiteke.

  Ezaguna da IMSERSOk nagusiei zuzentzen dien oporraldi programa. Turismorako, orokorrean behe denboraldia den urritik ekaina bitartean gauzatzen den oporraldi eskaintza honetan hiru modalitate ezberdin daude: egonaldiak kostaldeko zonaldeetan, natura turismoa eta ibilbide kulturalak.

  Aukeratzen den modalitatearen arabera, oporraldia, 5-6-10 edo 15 egunekoa izan daiteke. Bidaiatuko den leku eta garaiaren arabera berriz, prezioa ezberdina da. Aurtengo eskaintzan garestiena, Kanariar uharteetan bi asteko egonaldia da, ia 600 euroko kostua baitu. Baina merkeagoak ere badaude, astebeteko egonaldiak, 121 euroren truke egin baitaitezke.

  Guzti honi buruzko informazioa IMSERSOren web-gunean: www.imserso.es  atarian ikusi daiteke edota, Bidebarrieta kaleko 12an dagoen udaleko gizarte zerbitzu departamentutik pasata. IMSERSOko oporraldi programa honetan sekula parte hartu ez dutenek beharrezkoa duten informazio guztia Bidebarrieta kaleko bulegoetan eskuratu dezakete. Aurrez, parte hartu dutenek, informazioa zuzenean, posta bidez, etxean jasoko dute.

  Parte hartzeko erabakia hartuz gero berriz, eskaera orriak ere udaleko gizarte zerbitzu departamentuan eskuratu daitezke eta bete ondoren, bertan entregatu daitezke. Programan izena emateko epea uztailaren 12an amaituko da.

  Epe barruan jasotzen diren eskaera guztiak jasota dauden plazak banatuko dira. Erantzunak irailean zehar bidaliko dira. Oporretarako plaza lortu dutenei bidaia ordaintzera nora eta noiz joan behar duten jakinaraziko zaie. Eta plazarik ez dutenei ere, gerta litezkeen hutsuneak betetzeko bidaia agentziara noiz joan behar duten jakinaraziko zaie.

Iturria:Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!