Oñatiko udala

Ikuskizun egitarau zabala prestatu du Gaztelekuak datozen asteetarako

2020/11/18
Card image cap
Zuzeneko hiru kontzertu eta antzezlan bat antolatu dira abendu eta urtarrilerako

  Egoerak hala eraginda, eta zer eta zein baldintzetan egin daitekeen ondo hausnartu ondoren, kultur egitarau erakargarria antolatu du Gaztelekuak datozen asteetarako. Apirilean Oñatira etortzekoa zen Willis Drummon taldearen kontzertua berreskuratuz abenduaren 12rako programatu da. Gaztelekuan 19:00tan joko dute eta sarrerak astelehenetik aurrera eskuragarri jarriko dira www.oñati.eus atarian eta Txokolateixan, 8 eurotan.

  Abenduaren 30ean, Mila Modu taldeak ostiralean akustikoan aurkeztu zuen diskoa, Absurduaren paradisua lana, bere indar guztiaz defendatuko du Gaztelekuan, 19:00tan hasiko den kontzertuan. Eta urtarrilaren 21ean Zetak taldeak Oñatin eskainiko duen estreinako kontzertua entzun ahal izango da Gaztelekuan, hau ere, 19:00tan hasita. Mila Modu eta Zetak taldeen emanaldietarako sarrerak 6 eta 8 eurotan, hurrenez hurren, datozen egunetan jarriko dira salgai.

  Publiko gaztetxoari zuzenduta antzezlan bat ere bai, ia ohiko hitzordu bihurtu den Goazen antzezlana. Urtarrilaren 10ean Santa Ana aretoan taularatuko da emanaldi bikoitzean: 17:00tan eta 19:00tan. Sarrerak, 5 eurotan, aurrerago jarriko dira salgai, ohiko bideetatik.

  Hori, Gaztelekuan eta oraingo neurri murriztaileak kontutan hartuta programatu diren kontzertu eta antzerki emanaldiak. Gaztelekuko Xake txapelketa ere urte amaiera baino lehen egin nahiko litzateke, baina une honetan zaila ikusten da, xakea kirol jardueratzat hartzen baita. Besterik ez bada, herriko gaztetxoei zuzendutako lehiaketa moduan planteatu daitekeen aztertzen ari dira. Baina hitzorduari eusteko gogoa bada Gaztelekuan, zerbitzua martxan jarri zenetik urtero egin baita xake txapelketa.   

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!