Ikasturtea 9 hilabetera luzatuta hasi da gaur Artzain eskolako kurtso berria

2021/09/27
Card image cap
2020-2021 ikasturteko "artzain-berriak"
Praktika gehiago egin eta proiektuen jarraipena hobetzeko erabaki da ikasturtea luzatzea

  25. ikasturtea beteko du 2021-2022 honetan Gomiztegiko Artzain eskolak eta berritasunekin dator, sei hilabetekoa izan ohi zen ikasturtea bederatzira luzatzea erabaki baitute. Formakuntza praktikoa indartzeko hartu da erabakia, ikasleei ardiaren ziklo osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Era berean, etorkizunera begira ikasleek lantzen dituzten proiektuen jarraipen hobea egin ahal izango dutela adierazi dute Gomiztegitik.

  15 lagunek ekin diote gaur goizean kurtsoari Artzain eskolan, inoizko ikasle kopururik handiena. Gehienak euskal herritarrak dira, 13 hain zuzen ere, sei bizkaitar, lau nafar, bi arabar eta gipuzkoar bakarra. Katalunia eta Madrildik beste ikasle bana etorri dira Arantzazura. Covid-a dela eta iaz egindako egokitzapenek indarrean diraute, eta gelak ez ezik, artegia eta beste instalazio batzuk ere prest dituzte ikasleen arteko distantziak bermatzeko. Hala ere, ikasturteak aurrera egin ahala, neurriak arintzen joatea espero dute eta horrek, besteak beste, ikasleen praktiketan eragingo du, iaz, artzainen etxeetara joateko tentu handiz ibili baitziren eta praktika gehienak Gomiztegin bertan bete ziren. Formazio praktiko hori areagotzea da gaur hasi den ikasturteko apustua, esan bezala.

  Eskola teorikoekin tartekatuko dira, lehen hilabeteetan, baina artzainen etxeetara joango dira ondoren, eta praktikaldia luzeagoa izango dute, ardiaren zikloa ia osorik jarraitu ahal izateko. Ikastaroaren alde teorikoari dagokionean ez dago aldaketa esanguratsurik, eta orain artean bezala, bazka ekoizpena, artaldearen zainketa neurriak, larreen aprobetxamendua, gazta eta bestelako produktuen kalitatea eta merkaturatzea eta ardi esplotazio baten gestiorako hainbat gai jorratuko dituzte. Ekintzailetasuna ere landuko dute eta coatching saioak partekatu dituzte konpetentzia pertsonalak ezagutu eta garatu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!