Ikastolaren astea ospatzen ari dira Txantxiku ikastolan

Aste Santuko oporren arabera lehenago edo beranduago ospatu ohi da Ikastolaren eguna eta horren bueltako ospakizun astea. Ostiralean izango da Txantxiku ikastolaren eguna baina ekitaldiak gaur arratsaldean hasiko dira. Gaur, bihar eta etzi, 18:00tan, ikasle talde ezberdinek prestatu dituzten antzerki emanaldiak izango dira Santa Ana aretoan, eta ostiralean, berriz, egun osoko ospakizun-egitaraua. Mailaren arabera, jolas-parkea, irteerak, ginkana, bazkaria eta jolasak egingo dituzte eskola ordutegian. Arratsaldean ikasleen jaialdia izango da Zubikoa frontoian, 14:30tan, ikaskideentzat eta 18:00tan, familia eta interesa duten herritar guztientzat.
Ikastolaren astearen baitan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia ere antolatzen da, aurten, oporren ondoren, maiatzaren 7an izango da. Kuikui ikuskizun berriarekin etorriko dira pailazo ezagunak Zubikoako kantxara. Emanaldi bakarra eskainiko dute, 17:00tan, eta horretarako sarrerak bihar bertan jarriko dira salgai, 9 eurotan. Ikastolako bulegoan 8:00tatik aurrera eskuratu ahal izango dira, eta Txokolateixan ere bai, 10:30tan irekitzen dutenetik aurrera.
Pandemia tarteko, bi urtetan ez da Txantxiku ikastolaren asterik ezta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirik izan baina ospakizunak bueltan dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!