Oñatiko udala

Ikastetxe eta guraso elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak martxoaren 7ra arte eskatu daitezke

2024/02/07
Card image cap
Eskola kirolean duten partaidetzaren arabera banatzen da udal dirulaguntza, besteak beste
95.700 euroko partida dago

  Arlo akademikotik kanpo ikastetxeek aurkeztutako proiektu hezitzaileak eta guraso elkarteen jardun hezitzailea sustatzera zuzendutako dirulaguntzak dira udalak urtero eman ohi dituenak. Ikastetxeei zuzendutako laguntzak hainbat irizpideren arabera banatzen dira: ikasle kopurua, eskola kirolean duten partaidetza edota hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak, besteak beste. Guraso elkarteen kasuan berriz, gauzatuko den ekintza programa baloratzen da.

  Eskaerak, telematikoki, udaleko erregistro elektronikoan aurkeztu daitezke, edo HAZ zerbitzuan, hilabeteko epean, hau da, martxoaren 7ra arte. Jasotako eskaera guztiak aztertuta dirulaguntzen ebazpena egingo da eta onartutakoaren % 60a ordainduko da. Gainontzekoa, egindako ekintzen zuriketa aurkeztu ondoren ordainduko da, udazkenean. Ikastetxeek eta guraso elkarteek irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute burututako ekintzen likidazioa. Dirulaguntza orain eskatu arren, 2023-2024 ikasturtean egin diren edo egingo diren ekintzei baitagokio.

  Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei eskaintzen zaizkien dirulaguntzak aspalditik ematen ditu Udalak. Norgehiagoka prozedura bidez emateko ordenantza 2002an onartu zen eta 2017an, dirulaguntzen oinarriak egokitu eta berritu ziren. Ikastetxe eta guraso elkarteek ikasturterako dituzten egitasmoak aurkezten dituzte eta horren araberako dirulaguntza jasotzen dute, beti ere, diru-muga baten barruan. Herriko ikastetxeek eta bertako guraso elkarteek eskola jardueraz kanpo gauzatuko dituzten ekimenetarako 95.700 euroko diru partida dauka Udalak, aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!