Ikastaroak berriro martxan jarri nahi ditu Pake leku elkarteak, urte eta erdi ondoren
Wikipedia ikastaro berria eskaintzea erabaki du Pake Leku elkarteak 2021-2022 ikasturterako. Bestelakoan, 2019ko martxora arte egin ziren ohiko jardueretan parte hartzeko aukera zabaldu da: areto dantzak eta dantza linean, bitxiak egiten ikastekoa, euskara eta ingles ikastaroak, informatika, orratz lanak, punto, solfeoa, yoga, antzerkia, marrazketa eta pintura, memoria tailerra, irakurketa taldea eta abesbatza. Parte hartzeko izen-ematea gaur zabaldu da, irailaren 24ra arte. Izena emateko orriak tabernan eskuratu daitezke eta, beteta, sarrerako postontzian sartu edo Kultura batzordeko kideren bati eman dakioke.
Izen-ematearen arabera osatuko dira taldeak eta ekintza ezberdinak hasiko dira, urrian, beti ere, momentuko osasun egoerak hartarako aukera ematen badu.
Covid-19ari aurre egiteko protokolo berezia landu dute Pake leku elkartean. Ikastaroetan parte hartuko duten lagunen kopurua eta autobabes neurriak zehaztu dira. Musukoak erabiltzea beharrezkoa izango da, distantziak gordeko dira eta amaieran ukitu edo erabilitako materiala garbitu egingo da, ohikoa denez.
Iaz ere egin zen ikastaroak abian jartzeko eskaintza, eta batzuk hasi ziren, baina udazkenean dena bertan behera utzi zen, pandemiaren olatuak Oñati bete-betean harrapatu zuenean. Aurten ere zuhurtziaz baina eskaintza zabaltzea erabaki du Pake Leku elkarteko zuzendaritzak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!