Oñatiko udala

III. Selma Huxley ikerketa bekara proposamenak aurkezteko epe berria zabaldu da, urtarrilaren 4ra arte

2021/11/22
Card image cap
Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko genero ikuspegidun ikerketak osatzea da bekaren helburua

  Emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak ezagutarazi eta balorean jarri nahi dira. Lanean, bizitza sozialean, ekonomian, politikan edota kultur mailan Oñatiko emakumeen ekarpena aztergai duten lanak aurkeztu daitezke III. Selma Huxley Barkham bekara. Maiatzean egin zen deialdira egitasmorik aurkeztu ez zenez, bertan behera utzi zen beka baina bigarren ahalegin bat egitea erabaki zen azken Osoko bilkuran eta gaur ireki da proposamenak jasotzeko epe berria.

  17.400 euroko beka da eta lana egiteko 18 hilabete izango dira. Selma Huxley beka norbanakoek edota lantaldeek eskatu dezakete. Taldea den kasuan, ikerlanaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko da. Beka jaso ahal izateko goi mailako tituluduna izan beharko da eta taldeen kasuan, gutxienez, taldekideen erdiek formazio hori izan beharko dute.
Lana euskaraz aurkeztu beharko da eta lan prozesuko elkarrizketak ere euskaraz izango direnez, C1 edo baliokidea den agiria izatea eskatzen da, gutxienez, lan taldearen % 60ak.

  Ikerketa beka eskuratu nahi dutenek, izen-emate eskabidearekin batera, curriculuma eta egin asmo den lanaren proposamena aurkeztu behar dute. Proiektu proposamenetan ondorengoak jaso beharko dira: lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikerketaren helburuak, materia eta metodologia, lanerako plana eta kronograma, eta aurreikusitako emaitzak eta horien interesa. Proiektua eta ikerlanaren laburpena euskaraz aurkeztu beharko da. Ikerketa bekarako proposamenak datorren urtarrilaren 4ra arte aurkeztu daitezke.

  Selma Huxley beka esleitzerakoan, ikerketa proiektuaren planteamendua, argitasuna eta bideragarritasuna, eskatzailearen curriculuma, eta Oñatiko udalerriaren ezagutza egitasmoan islatu izana kontutan hartuko dira. Hautagaiek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean edota mugimendu feministan duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza ere baloratuko da.

  Selma Huxley I. bekari esker Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista lana egin zen eta bigarrenaren babesean Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista, 1950-2020 lana egin da. Orain, hirugarren ikerketa bekarako deialdia bigarrenez zabaldu du Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!