Igeltsero ofizial lanpostua betetzeko 5 hautagai aurkeztu dira orain arte

2020/10/23
Card image cap
Izen-emate epea astelehenean, hilaren 26an amaituko da

  Udalak kontratatuko duen igeltsero ofizialak udal brigadan egingo du lan. Bere ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea izango da. Hala, kale eta plazetan, baldosak, zintarriak, galtzadarriak edota asfaltoa aldatzeko lanak egin beharko ditu, udal eraikinak kontserbatu eta mantentzeko lanetan ere jardun beharko du eta hiri altzariak, eserlekuak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jarri beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen garbiketa lanetan edota jaietako eszenatokian muntatu eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du, besteak beste.

  Igeltsero ofizial plaza betetzeko hautaketa prozesua oposizio-lehiaketa bidez osatuko du udalak eta kontratatzen den langileak laboral izaera izango du. Oinarrizko hiru baldintza bete behar dira lanpostura aurkeztu ahal izateko: eraikuntza eta obra zibila arloan Lanbide Heziketa bat mailako titulazioa izatea; B gida baimenaren jabe izatea eta euskarari dagokionean, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea. Izena emateko epea astelehenean, urriaren 26an amaituko da eta orain arte 5 hautagai aurkeztu dira.

  Izen-emate orriak HAZ bulegoan presentatu behar dira, nortasun agiriaren kopia eta eskatutako titulazioaren fotokopiarekin batera. Lehiaketa fasean baloratuko diren merituen fotokopiak ere erantsi beharko dira. Lehiaketa fase horretan lan esperientzia eta prestakuntza ikastaroak ez ezik, C gidabaimena izatea ere baloratuko da.

  Igeltsero ofizial plaza betetzeko oposizio fasean hiruzpalau froga gainditu beharko dituzte hautagaiek: gai orokorrei buruzko azterketa, gai espezifikoei buruzko ariketa teorikoa eta azterketa praktikoa eta euskarazko maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, hizkuntzari dagokiona ere egin beharko dute. Igeltsero ofizial plaza betetzeko deialdiaren oinarriak udaleko web atarian ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!