Ibilbidea eta ordutegia aldatuta dabil Arrasate eta Zumarraga arteko autobus zerbitzua

2021/12/15
Card image cap
Deskargatik bideratzen ari dira, baina Oñatin ohiko geldialdiak beteta

  Udana itxita dagoela eta Arrasate eta Zumarraga arteko DG04 lineako autobus zerbitzua egokitu egin du Lurraldebusek, ibilbide eta ordutegi aldaketa egin du. Autobusak Deskargatik barrena lotuko ditu Debagoiena eta Urola Garaia eskualdeak baina Oñatin ohiko geltokietara sartu ondoren, hau da, postetxe aurrealdean, Olakua-San Lorentzon eta Olabarrietan dituen geltokietara sartu ondoren. Konkretuki, Arrasate-San Prudentzio-Oñati-San Prudentzio berriro-Legazpi-Zumarraga ibilbidea osatzen du joan-etorrian. Ibilbidea luzeagoa da, Oñati eta Legazpira zeharka sartzen direlako autobusak eta ondorioz, bidaia-iraupena ere luzeagoa da. Hala, Arrasatetik irten eta Zumarragako tren geltokira iristeko 65 minutu behar ditu autobusak. Buelta berriz, Zumarragatik Arrasatera, arinago egiten du, 50 minututan, Legazpin eta Oñatin geltoki bakarrean geratzen delako, Oñatiren kasuan, postetxe aurrealdean bakarrik. Baina bai norabide batean zein bestean zerbitzua 30 minutuko maiztasunez ibiliko da, orain arte bezala.

  DG04 lineako autobus zerbitzua goizeko 04:50tatik gaueko 00:25 arte luzatuko da. Arrasatetik lehena, 04:50tan abiatuko da eta Zumarragatik berriz, 05:55tan. Azkenak, Arrasatetik 22:45tan eta Zumarragatik 23:35tan. Baina Oñatin, postetxean, ordua eta 10 denean eta 20 gutxitan izango dira Zumarragara joateko autobusak, eta ordua eta 25etan edo 10 gutxitan, Zumarragatik datozenak.

  Hori da Lurraldebusetik zabaldu den oharra, beti ere, Udana trafikorako irekitzen den bitartean. Kontu egin behar da ordea, Gaibaiko biribilgune berria asfaltatzen hasi direla gaur eta horrek ere, ordutegian eragin dezakeela, hainbat zerbitzu atzeratuz. G 11:30ak aldera hasi dira asfaltatze lanak eta ostiralera arte luzatzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!