Ibarrako skate eta gazte aisialdi gunea patinatzeko elementu berriak eta tirolina jarriz osatuko da

2017/04/10
Card image cap
Lanak udako oporren aurretik egin asmo dira

  Ibarran egingo diren lanak Aurrekontuak Arazerixan prozesuaren baitan gaztetxoek egin zituzten proposamenen haritik datoz. Skate gunea osatzea eta tirolina bat jartzea eskatzen zuten. Biak inguru berean, Ibarran kokatuko dira. Ibarrako skate parkeko bainera 2013an egin zen. Orain patinatzaileentzat elementu gehiago, kale elementu gehiago jarriko dira ia 52 metro luze eta 6-8 metro zabal hartuko duen plataforman. Salto eta pirueta ezberdinak egiteko hainbat elementu jarriko dira. Bide batez, kale gisa luzatuko den skate-gunea alboko bidegorritik bereizteko babes elementuak ere jarriko dira.

  Inguru berean tirolina ere jarriko da. Konkretuki, skate-gunearen goialdeko belardian, skate-gunea eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Artxiboaren eraikinaren artean dagoen belardian kokatuko da tirolina. Tirolinak 20 m luze izango ditu eta 50 cm-ko desnibela. Horrez gain, eserlekudun 3 mahai jarriko dira eta 50 m-ko egurrezko itxitura egingo da. Tirolinara doana noraezean ibili ez dadin bidexka bat ere egokituko da.

  Ibarrako skate eta gazte aisialdi gune horretan egin asmo diren lanek 52.000 €ko aurrekontua dute. Prestaketa eta muntatze lanak datozen asteetan egingo dira, beti ere, udako oporretarako amaitu nahi baitira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!