Iazko jardueren memoria osatu du Hotz Oñatik

2023/01/20
Card image cap
Ia 59.000 euro bideratu zituen errefuxiatuei laguntzeko proiektuetara, Grezian, Ukrainan edota Yemenen, besteak beste

  Errefuxiatuen giza eskubideen alde lan egiteko helburuz sortu zen Hotz Oñati taldea, 2016an. Ekintza ezberdinak eginez eta partikular eta enpresen dohaintzei esker lortzen duen dirua errefuxiatuekin lan egiten duten GKEen bitartez bidaltzen du. Material humanitarioa ere bide beretik helarazten du. Herrian, berriz, sentsibilizazio eta salaketa ekintzak egiten ditu.

  2022an 58.822 euro bideratu dituz 16 elkarte edo kolektiboren proiektuak babestera, hamar zonalde edo herrialdeetan: Yemenen, Mediterraneo itsasoan, Grezian, Ceutan, Serbia-Bosnia-Kroazia mugan, Ukraina eta bere mugetan, Andaluzian, Ugandan, Saharan eta Irunen.

  Dirua lortzeko bide ezberdinak jorratzen ditu Hotz Oñati taldeak. Udala izan zen diru iturri nagusia iaz. Lankidetza, larrialdi eta sentsibilizazio proiektuetarako udal dirulaguntzetatik, elkarteak eskuratutakoaren ia % 37a iritsi zen. Dohaintzak dira beste finantzazio bide nagusia taldearentzat. Enpresetatik, partikularren eskutik, hileroko azoka txikia eta zozketetatik, pintxo-pote eta ogitarteko postuetatik edota kanpaina espezifikoetan egindako dohaintza ezberdinetatik  ia 59.000 euro batu zituzten, iaz. Diru horri, herritarrek nahiz enpresek emandako janari eta material humanitarioa gehitu behar zaio.

  Hotz Oñatik, janaria, xaboiak eta bestelako materiala bidali zizkien Zaporeak eta En Red SOS Refugiados elkarteei; arropa eta barra energetikoak Aita Mari erreskate ontzira; arropa, Tarifeños solidarios taldeari eta Ceutako No name kitchen erakundeei; barra energetikoak Ukriniara, Galdakaoko boluntarioen gizarte elkartearen bitartez, eta jostailuak Greziara, En Red SOS Refugiados taldearen bitartez, besteak beste.

  Dirutan berriz, partidarik handiena, 15.550 euro, Yemenera bideratu ziren Solidarios sin fronteras taldeak duen Gosariak proiekturako. Aita Mari erreskate ontzirako ia 9.000 euro bideratu ziren; Grezian diharduten En Red SOS Refugiados eta Zaporeak taldeei 8.500 eta 6.500 euro, hurrenez hurren; Bosnian, Ceutan eta beste hainbat lekutan diharduen No name kitchen elkartera, 3.500 euro eta Uganda, Ukraina, Sahara, Melilla edota Irunen bertan diharduen harrera sarera ere dirua bideratu zuen iaz Hotz Oñati taldeak.

  Baina herrian bertan egin zituen sentsibilizazio eta salaketa kanpainak ere gogoan hartu behar dira: Izan gaitezen babesleku; bide seguru eta legalak orain! kanpaina ezagutarazteko bideo bat grabatu eta zabaldu zen eta hitzaldiak eta dokumental emanaldiak egin ziren. Migrar y resisir liburuaren aurkeztu zen eta mugen inguruko argazki erakusketa ere egin zen.

  Guztia elkarteari babesa ematen dion jendeari esker egin ahal izan duela dio Hotz Oñatik 2022ko memoria txostenean eta guztiei eskerrak ematen dizkie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!