Oñatiko udala

Iaz izan zuten ikasle eta eskola ordu kopuruaren gorakadari jarraipena eman asmoz aurkeztu dute 2013-14 ikasturteko eskaintza Debagoienako Udal Euskaltegiek.

2013/09/11
Card image cap
Eskualdeko 5 udal euskaltegik kultur etxean aurkeztu zuten martxan den matrikula kanpaina.

  Ordenagailu teklatuetan agertzen den “return” botoia aukeratu dute Udal Euskaltegiek aurtengo izen emate kanpaina irudikatzeko. Botoi honek ekintza bat hastearen kontzeptua adierazten du eta irudi horrekin euskara ikasteko prozesuan abiarazteko ideia zabaldu nahi dute. Euskara ikasten hasi eta jarraitu.

  Iaz, euskaltegietako matrikulazio kopuruak behera egiten zuenaren berria argitaratu zen prentsan. Bereziki hiriburuetan antzeman zen joera horrek ez zuen ordea islarik izan eskualdeko Udal Euskaltegietan, ikasle eta eskola ordu kopuruak gora egin baitzuen.

  Aurtengoak oraindik ezin dira eman matrikula epea zabalik baitago hilaren 20ra arte.
Udal euskaltegiek aurreko urteetako eskaintzari eusten diote: euskalduntzearen maila guztiak, alfabetatzea, EGA edota hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko eskolak emango dituzte. Gainera, gazte etorkinentzat hizkuntza errefortzua, euskalkia lantzeko eskolak, merkataritza eta ostalaritzako langileentzat ikastaro laburrak edo Euskal Herrira etorri berrientzat euskara eta kulturara hurbiltzeko eskaintza berezia egiten dute. Beti ere, norberaren ordutegi eta erritmora egokituz. Aurten bereziki, egunean lauzpabost eskola orduko ikastaro trinkoen eskaintza egin dutela argitu zuten atzoko prentsaurrekoan.

  Eta dirua euskara ikasteko oztopo izan ez dadin, udalek diru laguntza eta bekak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi zen ikasturte aurkezpenean. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!