Ia 21 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du gobernu taldeak 2023rako

2022/11/24
Card image cap
“Aurrekontu sozialak” direla esan du alkateak

  20.964.904 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak datorren urterako, aurtengoa baino %11,3 handiagoa. Diru sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da Udalak 532.000 euroko ezohiko dirulaguntza jasoko duela, Natur Eskola eraberritzen egindako lanei lotuta. Gastuei dagokienez, udal zerbitzuek %9,7ko igoera izango dute KPIak eta energia kostuen garestitzeak eraginda. Gainera, gobernu taldeak %10eko igoera proposatzen du herriko kirol nahiz kultur elkarteei eta auzoei ematen zaie dirulaguntzetarako, elkarte hauek herriari egiten dioten ekarpen handia balioan jarriz. Inbertsioetara 2,8 milioi bideratuko dira eta, oro har, 1,7 milioi euroko aurrezki positiboa aurreikusten du aurrekontu proposamenak.

  Egitasmo berrien artean aipatu dira: gaztetxoen buruhandi eta erraldoi konpartsa eratzeko aukera, gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzeko diru partida, kiroldegiko kantxa urdineko teilatua konpontzea eta Pump track zirkuitu bat egitea, turismo bulegoa Sancti Spiritus unibertsitatera aldatu eta unibertsitatean bertan formazio eta ikasketa gelak egokitzea, Kale Zaharra, aita madina eta Otadui zuhaiztiko irisgarritasuna hobetzeko planak, aparkamendu disuasorio bat sortzeko leku azterketa eta Olakuako putzurako exekuzio proiektua jaso dira, besteak beste. Azokagunea eraberritzeko proiektua egitea, Alzheimerra dutenentzat programa sortu, eguneko zentro arina abiaraztea eta energia jasangarritasunari lotutako inbertsioetarako 250.000 euroko partida bereiztea ere jaso da 2023ko aurrekontu proposamenean.

  Aurrekontuen izaera soziala azpimarratu du gobernu taldeak. Zerbitzu publikoak eta dirulaguntzak indartzea dakarte, inbertsio mailari eutsiz. Udal gobernuak oposizioaren esku utzi du aurrekontu egitasmoa, eta abenduaren 15eko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartuko dira 2023ko udal aurrekontuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!