Ia 19 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak 2022rako

2021/12/17
Card image cap
EH Bilduk alde eta EAJk kontra bozkatu zuten

  2022ko aurrekontuak teknikoki azaldu zituen udal kontu-hartzaileak, urtero egin ohi duen txostenaren berri emanez. Sei adierazle nagusi aztertu ohi ditu eta 2022ko aurrekontuetan lau positiboak dira eta bi negatiboak: autofinantzaketa handitzen da, sarrera arruntak gastu arruntak baino gehiago hazten dira, finantza zama murrizten da eta amortizazio eta interesen batura gutxitzen da. Aldiz, zorpetze bizi erlatiboa eta amortizazioarekiko zor berria handiak dira oraindik. Baina kontu-hartzaileak aurrizki arrunt garbiari eman ohi dio garrantzia eta hori positiboa da 2022ko udal aurrekontuak ikusita.  

  Izaro Elorza alkateak aurrekontuen irakurketa orokorra egin zuen eta 2022ko udal aurrekontua 18.830.772 euro dela argitu zuen, aurtengoa baino %13,4 handiagoa. Sarreretan foru funtsaren igoera nabarmendu zuen, aurtengoa baino ia %15 handiagoa, eta udal enpresen dibidendoen igoera ere azpimarratu zuen, %32ko hazkundearekin. Aurrekontuen igoerak orain arteko zerbitzuak mantendu eta hobetzeko helburua duela esan zuen eta inbertsioen partidak bikoiztu egingo direla, guztira, 2,6 milioi eurotik gora izango direlarik. Honek guztiak 2,1 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa eragingo duela argitu zuen.

  Atalez atal azaldu ziren 2022ko asmo nagusiak eta inbertsioetan Olakua-San Lorentzoko irisgarritasuna, Urrutxuko zigilatzearen bigarren fasea, HAPOa, argiteria publikoa hobetu eta auzoetakoa aztertzea, Azkoagain futbol zelaiko belar aldaketa, turismo eta merkataritzako ekintza planak, Santa Anako hobekuntza eta mugikortasun eta oinezkoen segurtasunerako lanak aipatu ziren, besteak beste.

  Gobernuak proposatutako aurrekontuei aurkeztutako emendakinen azalpena egin zuten ondoren jeltzaleek eta emendakin horiek banan banan bozkatu ondoren, 2022ko udal aurrekontuak bozkatu ziren. EAJk kontrako botoa eman zuen udal gobernutik jasotako proposamena itxia zela eta aldaketak jasotzeko borondate politikorik ez dela izan argudiatuta. Gobernu taldea berriz, pozik agertu zen aurkeztutako aurrekontua orekatua delako eta proposatutakotik jeltzaleek ez zutelako baztertzeko moduko ezer adierazi, nahiz eta kontra bozkatu zuten, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!