Oñatiko udala

Ia 19 milioi euroko aurrekontu proposamena prestatu du udal gobernu taldeak 2022rako

2021/11/24
Card image cap
Oposizioari atzo aurkeztu zitzaion eta gaia abenduaren 16ko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta erabaki asmo da

  18.749.843 euroko aurrekontua zehaztu du EH Bilduko gobernu taldeak datorren urterako, aurtengoa baino ia %13 handiagoa. Inbertsiotarako 2,6 milioi euro izango dira. Foru Funtsek ia %15 igoera izango dute datorren urtean, udal enpresen dibidendoak %32 handituko dira eta Covid-19aren eragin ekonomikoa aldatzen doa. Guzti horrek egungo zerbitzuak mantendu eta hobetzea ahalbideratuko du. Inbertsiotarako aurreikusi diren 2,6 milioi euroei gainera, musika eskola eta emakume etxea egitasmo estrategikorako gordeta dauden beste bi milioi euro batu behar zaizkie.

  Hirigintza eta zerbitzuak atalak % 16aren igoera izango du datorren urtean, bereziki inbertsioetan aurreikusten dena: San Lorentzo eta Olakuako irisgarritasun lanekin jarraituko da, HAPOaren garapena, argiteria publikoa hobetu eta haurren jolasguneak konpontzeko partidak mantenduko dira eta mugikortasuna eta oinezkoen segurtasunerako 40.000 euro bideratzea jaso da.

  Auzoetako inbertsioetarako 164 mila euro gorde dira, ur eta saneamendu proiektuak bideratzeko partida barne delarik, Urrutxuko zabortegia zigilatzeko 2. faseko proiektuaren idazketa lana datorren urtean egingo da eta zabortegiaren goiko eremuaren erosketa ere 2022rako aurreikusten da. Kirol arloan, Urrutxun atletismo pista egokitzeko proiektua abiatzea jaso da EH Bilduren proposamenean eta Azkoagaingo belar artifiziala berritzeko lanak ere 2022an egitea jaso da aurrekontuetan.

  Merkataritza eta turismo arloetan aurten egin diren plan estrategikoetan zehaztutako ekintzak gauzatzen joango dira. Partaidetzazko aurrekontuen prozesu berria martxan jartzea aurreikusten da, herritarrek erabaki dezaten zein lan egitea lehenesten duten. Ekintza komunitarioaren baitan hasi den bidearekin jarraitu nahi da. Berdin Ingo xonau! egitasmoarekin eta euskara arloan gainera, herri guneko zenbait etxe jatorrizko izenez identifikatzeko proiektua ere martxan jarri nahi da.

  Berdintasuna ataleko aurrekontua % 3,5 jasotzea aurreikusten du EH Bilduk, aurten onartu den plana gauzatzen joateko, nagusiki, etxe barruko lanak eginez, hau da, gobernantza alorrekoak gauzatzen. Emakumeen etxearen inguruan parte-hartze prozesua martxan jartzea aurreikusten da, zaintza beharren eta baliabideen diagnostikoa egitearekin batera.
Kulturan, emakume sortzaileen lana lehenetsiko da eta herriko kultur taldeen dirulaguntza eta sormena sustatzen jarraituko da. Santa Ana aretoa egokitzeko 85 mila euro gordeko dira eta Aita Madinaren heriotzaren 50. urteurrenaren harira programazio berezia gauzatuko da.

  Adikzioen prebentziorako plana egitea, eguneko zentro arina deritzona martxan jartzea edota helduei zuzendutako Oñatiko esperientzia gela irekitza  dira gobernu taldeak datorren urtera begira eskuartean dituen beste egitasmo batzuk.
Aipatu aurrekontu proposamena atzo aurkeztu zitzaion oposizio taldeari eta gaia, abenduaren 16n egingo asmo den Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartu nahi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!