Hotz Oñati taldeak lehenengo batzar orokorra egingo du otsailaren 23an

2017/02/16
Card image cap
Taldea orain urtebete sortu zen, errefuxiatuei laguntza eman asmoz

  Europan gertatzen ari zen krisi humanitario/migratorioak kezkatuta zeuden hainbat herritarren ekimenez sortu zen Hotz Oñati Taldea, iazko otsailean. Lehenengo batzar irekia egin eta hainbat kanpaina berezi osatu ondotik, gaur egun, 20 bolondresek jarraitzen dute aktiboki taldean lanean. Talde anitza eta irekia da. Hotz Oñati taldeak jardunean eman duen lehen urte honetan, dirua eta material ezberdina biltzen eta bidaltzen aritu da, Europan dauden errefuxiatuen kanpamenduetara eta errefuxiatu horietako askoren jatorrizko herrialdeetara, Siriara esaterako.

  Orain arte laguntza ekonomikoa eta materiala biltzen eta bidaltzen ahalegin berezia egin dute Hotz Oñati taldeko kideek, errefuxiatuei zuzenean laguntzeko bide efektiboena denaren ustetan. Baina egoeraren berri eman eta zabaltzeko sentsibilizazio lana lantzea ere garrantzitsua dela badakite eta zentzu horretan, etorkizuneko estrategia zehaztea planteatu asmo da datorren ostegunean egingo den taldearen lehenengo batzar orokorrean.

  Asanbladan, orain arte egin diren ekimenak errepasatuko dira, urtebeteko ibilbide honetan izan diren arazoak eta gainditzeko hartu diren bideak azalduko dira, eta erronka berriak zehaztuko dira. Hotz Oñati taldearen lehenengo batzar orokorra, hilaren 23an, ostegunarekin 18:00tan egingo da, Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria aretoan. Batzarra irekia izango da, interesa duten herritar guztientzat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!