Oñatiko eta Arrasateko parroko izango da Horazio Argarate irailaren 4tik aurrera

2022/07/18
Card image cap
(Arg: Goiena)
Oñatin ez dela aldaketa handirik izango aurreratu digu

  Geroz eta apaiz gutxiago daudela eta, parrokiak eta arduradunak berrantolatzea erabaki du Donostiako Gotzaitegiak; Oñatiko parroko izateko Arrasate 2019an utzi zuen Horazio Argaratek eta berriro itzuliko da, baina Oñatiko parrokia utzi gabe, hau da, Oñati eta Arrasateko parroko izango da irailaren 4tik aurrera.

  Laguntzaile izango ditu egun Arrasaten dagoen Pako Etxebeste eta Soraluzetik etorriko den Jon Loiola. Etxebestek 75 urte ditu eta adin horrekin ez da ohikoa parroko izendapenik jasotzea eta Loiola, ikasketak amaitzen ari da eta hilean behin Bartzelonara joan beharko dela adierazi digu Horazio Argaratek. Hiruren artean banatuko dituzte Oñatiko Mikel Goiaingeruaren eta Arrasateko San Juan Batatzailearen parrokietako lan eta ardurak.

  Oñatin ez dela hainbesteko aldaketarik izango aurreratu digu Argaratek. Bere asmoa, goizetan Arrasatera joan eta hango parrokiako tramiteak beteta, eguerdirako Oñatira itzuli eta arratsaldea eta gaua bertan pasatzea da. Printzipioz, Garoa eraikinean duen etxean jarraituko duela esan digu. Dena den, beste bi abadeekin bilera egitekoa da, bakoitzaren lan eta ardurak zehazteko. Oñatiko eta Arrasateko parrokien bueltan gainera, sekular talde handia ari da lanean eta horiekin elkarlanean jarraituko dutela adierazi du Horazio Argarate parrokoak.

  Argaratek irailaren 4an berreskuratuko du Arrasateko parroko izendapena, eta azken hiru urteetan horretan aritu den Victoriano Etxabe itziartarrak Elgoibar eta Soraluzeko parrokien ardura hartuko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!