Hondakinak Prebenitzeko Europar Astearekin bat egin du udalak
Atzo hasi zen Hondakinen Prebentziorako Europako astea eta domekara arte luzatuko da. Helburua, erabili eta botatzeko produktuetan oinarritutako ekonomia linealaren eredua eraldatu eta ekonomia zirkular batera jotzea da. Udalak, helburu horrekin bat egiten du eta ondorioz, astearekin berarekin ere bat egitea erabaki du.
Bi ekintza antolatu dira aste berezi honetan gurean. Lehena, Foru Aldundiarekin eta Emaus Gizarte Fundazioarekin batera, martxan da jada Portu kaleko plazan. Bertan, plastikozko hondakinak jasotzeko egitura berezi bat kokatu da. Asmoa, bihartik aurrera Olakuara aldatzea da. Batutako plastikoarekin poltsa berrerabilgarriak eta orgak egingo ditu Emaus Fundazioak. Oñatin bezala, Gipuzkoako 40 bat udalerritan jarrita dituzte antzerako edukiontziak.
Asteburura begira berriz, eta kasu honetan Txanda dendarien elkartearekin batera, plastiko poltsen erabilera sorreratik saihesteko ekintza egingo da. Ostiralean ospatuko den Black Friday-ren baitan, Txandako dendek ez dituzte plastiko poltsak eskainiko eta horien ordez berrerabilgarriak diren paperezko poltsak banatuko dituzte. Egun horretarako propio sortu den diseinua izango dute paperezko poltsa horiek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!