Hondakin organikoak konpostatzen dituzten herritarrek azaroan jasoko dute udalaren diru laguntza
Hondakinen esekitokiak dauden guneetan % 100ean konpost-egile direnei zabor tasaren % 25aren pareko diru laguntza ematen die urtero udalak. Aurten, 27,47 euro izango dira. Azken urteetan modu ezberdinak erabili dira diru laguntza hori emateko, iaz, esaterako, onuradunak udaletxetik pasatu ziren eta Txantxitan jaso zuten zegokien diru laguntza. Aurten berriz, diru laguntza onuradunaren kontu korrontean zuzenean sartuz ematea erabaki da. Beti ere, Ondasun Higiezinen Zerga helbideratuta dutenen kasuan, gainontzekoek, udal bulegoetatik pasa beharko dute laguntza dirutan jasotzera. Batera edo bestera, ordainketa azaroan zehar egingo da.
Argibide horiek emanez gutunak bidali dira udaletxetik. Etxearen kontribuziñoa helbideratu gabe dutenei berriz, telefonoz jakinarazi zaie. Guztira, 496 lagun edo familia dira aurten % 100 konpost egile gisa erroldatuta egon direnak. Banaka batzuk baja eman dute urtean zehar. Horiek, dagozkien hiruhilekoaren zatia jasoko dute diru laguntza kontzeptuan.
% 100 konpost-egile esatean zera ulertu behar dugu, esekitokietara kubo marroia atera ez eta hondakin organikoak konpost eginez kudeatzen dituzten herritar eta familiak. Askok, herrian bertan dauden auzo-konpost guneetara eramaten dituzte hondakinak, beste batzuk berriz, baserrietan edo beste terrenoren batean dituzten konpostadoreetara. Baina guztiek, kubo marroia esekitokietara ez ateratzeko konpromiso idatzia dute udalarekin eta horregatik, zabor tasan % 25aren pareko udal diru laguntza jaso ohi dute.
Hondakin organikoak konpostatzeko errolda datuak eguneratuta izateko bestalde, konpostatzen den helbideko zabor tasaren titularrean aldaketaren bat izan bada udalean jakinaraztea eskatzen da. Gerta liteke adibidez, etxebizitzaren jabetza aldatu izana, titularraren heriotza edo titularraren aldaketa eragin duen beste zerbait gertatu izana, hori udalean jakinarazi behar da konposta egile berriak udal hobaria jaso dezan. Horretarako eskaera berria bete beharko da udal bulegoetan zabor tasaren azken agiria aurkeztuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!