Hirugarren transformagailua instalatu du Oñargik, auto elektrikoen beharrak aurreikusita
Bustinzuloko estazioa osatzen eman ditu azken hilabeteak Oñargi enpresak, hirugarren transformagailu nagusi bat instalatu dute, etorkizuneko beharrak aurreikusita. Bereziki, auto elektrikoen zabalpenak eragin dezakeen energia beharra izan dute buruan enpresako arduradunek.
Oñargik bi transformagailu nagusi izan ditu urteetan; Oñargiren sareko energia fluxua bideratzen du batek, eta erreserbakoa da bestea, arazoren bat gertatuz gero, automatikoki lanean sartu eta herriko argindar hornidura ziurtatzeko. Aurrerantzean, aldi berean lanean aritzeko prest dauden bi transformadore eta ezinbestean erreserban mantendu behar den hirugarrena egongo dira. Une honetan ez dira hiru transformagailuak behar, baina zabaltzen doazen auto elektrikoak gehituko direlakoan, eta honek energia beharra areagotuko duela aurreikusita, Oñargiko sarearen azpiegitura osatu eta lanak denboraz egitea erabaki da.
Bustinzuloko transformazio zentroan dauden hiru transformagailu nagusiak Oñargiko sareari dagokion tentsio ertainetik tentsio altuko sare orokorrera konektatuta daude, edozein momentutan lanean jartzeko gertu. Oñargik, urtean, 320.000 euro inguruko inbertsioak egin ohi ditu, banaketa sarearen mantenu lanetan eta identifikatzen diren erronka berriei erantzuna emateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!