Hirugarren saria lortu du Ganbara abesbatzak Avilesko lehiaketan

2021/11/29
Card image cap
Lan bikaina egin dutela eta pozik eta harro itzuli direla esan du Aitor Biain zuzendariak

  Larunbatean jokatu da XXXVII. Villa de Aviles abesbatzen lehiaketa. Partaideen erdiak baino gehiago euskaldunak: Leioako Kantika, Nafarroako Aizaga abesbatza eta Oñatiko Ganbara abesbatza. Beste biak, Leongo Coro Angel Barja eta Madrilgo Voces para la Convivencia taldea. Guztiek lau abesti eskaini behar izan zituzten: antolatzaileek zehaztutako obra erlijioso bat eta Asturiasko lan bat eta taldeek hautatutako beste bi obra. Oñatiarrek estilo eta garai ezberdinetako piezak eskaini zituzten, barrokoa bat, erromantikoa, inpresionista eta folklorekoa bat.

  Pandemia hasi zenetik aurrez aurre parte hartu duten lehen lehiaketa da Avileskoa, eta gozatzeko gogoz joan ziren, jakinik, goi mailako beste lau abesbatza izango zituztela lehiakide. Hirugarren saria lortuta, pozik eta harro itzuli direla esan du Aitor Biain zuzendariak, lan bikaina egin dutelako. Azken urte hauetan jende berria sartu da Ganbara abesbatzan eta 2022an Bulgariara lehiatzera joatekoak direnez, aurrez halako lehiaketa bat egitea erabaki zuten bereziki partaide berriek halako giroa eta egoera esperimentatu zezaten.

  Ganbara abesbatzak hirugarren saria lortu du Avilesen eta etxera 750 euro eta garaikurrarekin itzuli dira. Lehen saria Leioako Kantikak eskuratu du eta bigarrena, publikoaren saria eta Asturiar obraren interpretazio hoberenaren saria Leongo Coro Angel Barja taldeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!