Hiru hitzaldi antolatu ditu Elkar Hezi ikastetxeak, azaro eta abendurako

2022/11/14
Card image cap
Herritar guztiei irekitako hitzaldiak dira

  0-6 urteko haurren sare neurolana indartzen; nola aukeratu liburuak eta mindfulness, emozioak kudeatzeko tresna hitzaldiak emango dira bihar hasi eta hamabostero Elkar Hezi ikastetxean, herritar guztiei zuzenduta.

  Lehen hitzaldia estimulazio goiztiarrari buruzko tailer praktikoa izango da eta haurrek eta gurasoek elkarrekin esperimentatzeko saioa izango da. Haur txikiak dituzten familiei zuzenduta dago baina haurdun daudenak ere gonbidatu dira. 0-6 urteko haurren sare neuronala indartzen saioa bihar 18:00etan hasiko da.

  Bigarren hitzaldia azaroaren 28an izango da eta Ipuin bat opari. Nola aukeratu liburuak? izenburupean aurkeztu da. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak emango du eta irakurzaletasuna sustatzeko tailer praktiko moduen antolatu da. Saioan haur eta gurasoentzat ipuin kontaketa egingo da. Azaroaren 28an egingo da, 17:30etan hasita.

  Eta hitzaldi zikloa osatuz, Mindfulness, emozioak kudeatzeko tresna hitzaldia egingo du Larraitz Urrestila adituak. Mindfulnessaren inguruko saio teoriko-praktikoa egingo du eta zoriontasunerako heziketa bide moduan, arreta orainean finkatu eta bizitzen ikasteko bitartekoak emango ditu. Hitzaldia abenduaren 13an izango da, 18:00tatik 19:30etara.

  Hitzaldi guztiak Elkar Hezi ikastetxearen Arantzazuko Ama kaleko eraikinean egingo dira, Behebarrua espazio berrian eta herritar guztiei zuzenduta. Aurrez, izena ematea eskatzen da eta ikastetxera telefonoz deituta egin daiteke: 943 718 272 zenbakira, alegia. Hitzaldiak dauden bitartean ume zaintza zerbitzua egongo da, behar dutenentzat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!