Oñatiko udala

Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntuala, erosketa bonoen kanpaina berria eta Lezesarrirako oinezkoen ibilbidearen proiektua Osoko Bilkuran

2021/09/27
Card image cap
Ez ohizko egunean, astelehenez, egingo da gaur iraileko Osokoa

  Gomiztegiko harrobiaren handitzea onartutako eremuetara mugatzeko asmoz Hiri Antolaketarako Arauetan aldaketa puntuala egingo du Udalak. 2018ko martxoan jada arauetako hiru artikulu aldatzea erabaki zuen udalbatzak baina erabaki horren kontrako auzi-errekurtsoa jarri zuen harrobiaren ustiatzaileak, eta errekurtsoa onartu zen ingurumen-ebaluazio estrategikoari dagokion ingurumen-txostena egin gabe zegoelako. Orain, aipatu txostena eginda eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren oniritzia jasota, prozesua berriro abian jartzea erabaki da. Gaia arratsaldeko Osoko Bilkuran aztertuko da.

  Oñati.bonoak.eus ataria berriro aktibatu eta udazkenean kanpaina berria gauzatzea ere aztergai izango da gaurko bileran. Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko udalak diruz lagundutako erosketa bonoen oinarri arautzailea eta deialdia onartzea proposatuko da.

  Lezesarri auzorako oinezkoentzako ibilbidea egokitzeko proiektua onura publikotzat deklaratu eta desjabetze ondorioetarako ondasun eta eskubideen eta horien titularren zerrendari hasierako onespena ematea eskatuko da gaurko bileran. 2021eko udal aurrekontuetan jada 165.000 euroko partida berezitu zen Azkoagaingo eta Lezesarri auzoko irisgarritasuna hobetzeko. Lan horietarako lehen urratsa da proiektuak ukitzen dituen jabetzak zerrendatu eta eskuratzeko tramiteak abian jartzea.

  Udalak musika bandarekin eta eskola kirola eta hezkuntza elkartearekin dituen hitzarmenak eguneratu eta bertan jasotzen diren dirulaguntzak bideratzeko gaiak ere jaso dira arratsaldeko lan zerrendan. Guztira 12 gai zerrendatu dira 18:30tan hasiko den iraileko Osoko Bilkurarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!