Hileko lehen astelehenetan garbituko dira adierazpen libreko guneak
Indarrean zeuden iragarkiak kendu izanak sortu zituen kexen aurrean prentsa oharra zabaldu du Udal Gobernu Taldeak. Gertaera, egun hauetan Udalak egiten diharduen hiri eremuko altzari eta bestelako guneen garbiketa bereziaren testuinguruan kokatu du. Lanen helburua, adierazpen guneak txukuntzea dela dio prentsa oharrak eta inolaz ere ez, indarrean dauden kartelak kentzea. Horregatik, kaltetutako talde eta elkarteei publikoki barkamenak eskatzen dizkie Gobernu Taldeak.
Herritarren ardura ere eskatzen da oharrean. Ekintzaren bat antolatuta, hori iragartzeko kartelak jartzen dituztenek, behin epea beteta, kentzeaz ere arduratu beharko liratekeela dio Gobernu Taldearen idatziak. Alegia, adierazpen libreko guneen txukuntze eta mantentze lana, gune horietaz baliatzen diren herritar eta eragileena ere izan beharko litzatekeela dio. Baina halakorik gertatzen ez den bitartean, gune horiek hilean behin garbitzeko protokoloa abian jarriko dela iragartzen da. Eta inor ez ustean ez harrapatzeko, txukuntze lanak, hileko lehen astelehenetan egingo direla ere zehazten da.
Ostiralean, bezperan jarritako kartelak adierazpen libreko guneetatik kendu zirela eta hainbat kexa mezu zabaldu ziren sare sozialen bitartez. Horiei erantzun asmoz, aipatu prentsa oharra argitaratu zuen Udal Gobernu Taldeak, txukuntze lan orokorra egiten ari direla jakinaraziz eta sortutako kalteengatik barkamena eskatuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!