Oñatiko udala

Hil egin da eguaztenean Aramaion lan-istripua izan zuen oñatiarra

2022/05/13
Card image cap
(Arg: Goiena)
Prekarietatea eta lan istripuen kontrako bi elkarretaratze deitu dira plazan, bat, gaurko, eta bestea, astelehenerako

  Hainbat orduz hil ala biziko egoeran izan eta gero atzo arratsaldean hil zen Aramaion lan istripua izan zuen oñatiarra. Lan istripuz Euskal Herrian hil den 27. langilea da, altuerako lanetan zebilen seigarrena, LAB sindikatuak egiten duen kontaketaren arabera. Zentzu horretan dagoen araudia bete araztea eta bitartekoak jartzea eskatu du sindikatuak. Era berean, ELA, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuekin bat eginda, elkarretratzea deitu dute astelehen eguerdirako, 12:30etarako, Foruen Enparantzan, Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez! lelopean. Deba bailarako Kontseilu Sozialistak berriz, gaur arratsalderako, 18.30tarako deitu du elkarretaratzea plazan bertan, Biolentzia kapitalistari aurre egin lemapean.

  Istripua asteazken goizean, 11:15 inguruan gertatu zen Aramaioko Nardeaga kaleko etxe batean. Langilea fatxadan lanean ari zen, bigarren pisuan eskailera batera igota neurketa lanak egiten, nonbait, jausi zenean. Buruan kolpe handia jasota, Santiago Ospitalera eraman zuten, oso larri zaurituta. Atzo arratsaldean hil zen.

  Hildako langilea, Aitor Moiua Murguzur, 58 urteko arotza zen, oso ezaguna herrian. Bere aldeko hileta elizkizuna bihar arratsaldean egingo da Mikel Goiaingeruaren Parrokian.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!