Hil egin da atzo arratsaldean auto istripuz zauritu zen gidaria
Atzoko istripuan oso larri zauritu zen gaztea, bart hil da Gasteizko Santiago ospitalean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Hildakoak, 24 urteko mutilak Natran egiten zuen lan.
Istripua, atzo arratsaldean, 17.45 aldera izan zen Gipuzkoa 2630 errepidean, San Prudentzioko bidegurutzetik gertu. Bi autok aurrez aurre elkar jo zuten, Opel Movano furgoneta batek eta Nissan Micra auto batek. Ondorioz, autoko gidaria burdin artean harrapatuta geratu zen eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Gidaria, oso larri zaurituta Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten baina bart hil da. Istripuaren ondorioz, San Prudentziotik Oñatirako errepidea itxita egon zen bi noranzkoan zauritua atera eta autoak erretiratu bitartean.
Ez zen hori izan ordea, atzo gure errepideetan gertatu zen istripu bakarra. Goizean, 11.30ak aurretxoan Zubillagan beste auto istripu bat izan zen eta gizonezko bat arin zauritu zen. Istripua, Gipuzkoa 2630 errepidean, Zubillaga parean eta Oñatirako noranzkoak geratu zen. Seat Ibiza autoa errepidetik irten zen eta gidaria, arin zauritu zen. Arrasateko ospitalera eraman zuten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!