Higiezinezko Ondasunen gaineko Zerga eta San Martingo ortuen tasa ordaintzeko epeak abuztuan irekiko dira

2020/07/24
Card image cap
Higiezinezko Ondasunen gaineko Zergaren kobrantza bi hilabete eta erdi atzeratu da osasun alarma dela eta

  Higiezinezko ondasunen gaineko zerga garrantzitsua da udalarentzat, aurten, adibidez, 2.364.000 euroko ekarpena egingo baitio. Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa zeritzona. Abuztuaren 1ean, 11.000 pasa ordainagiri bideratuko ditu udalak: 9.737 contribución urbana deritzon zergari dagozkio eta 1.441 berriz, rusticari.

  2016an gaurkotu ziren hiri-lurretan dauden ondasunen balio katastralak eta zenbait jabek gora-behera garrantzitsuak izan zituzten. Baina ordutik ez da aldaketa esanguratsurik izan. 2020an udal zerga eta tasak KPIaren arabera %0,67 eguneratzea erabaki zen eta ondorioz, udalaren diru sarrerak pitin bat igoko dira higiezinezko ondasunen gaineko kontzeptu honetan. Iaz baino 4.000 euro gehiago batuko dira.

  Aurten ere, inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei % 100eko errekargoa aplikatuko zaie. Halako 307 agiri bideratu dira aurten. Familia ugariek bestalde, ohiko etxebizitzaren kontribuziñoan % 15eko hobari orokorra jasotzen jarraitzen dute. Baina egiaztatzen diren diru sarreren arabera hobaria handitu daiteke, % 50 edo % 90era arte. Horretarako urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko dute.

  Higiezinezko ondasunen gaineko zerba ordaintzeko epea ezohiko datetan dator Covid-19ak hala eraginda; abuztuaren 1etik irailaren 15era luzatuko da. Ordainketa helbideratuta dutenei, azken egunean, irailaren 15ean kargatuko zaie. Baina kontu egin beharko da Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Zerga ordaintzeko borondatezko epea ere irailaren 15ean amaituko dela, eta oraindik 500en bat agiri ordaintzeko daudela.

  Azkenik esan, San Martingo ortuen tasa ere orain, abuztuaren 3tik irailaren 25era ordaindu behar dela. Kasu honetan tasa txikia da, 4,45 euro besterik ez. Berez 5,10 euro zen baina alarma egoera tarteko, ortu publikoen erabilera debekatuta egon zen hilabete eta erdiari dagokion zati proportzionala kendu da. 72 erabiltzaile daude une honetan San Martingo ortuetan eta horiei kobratuko zaie udal tasa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!