Oñatiko udala

HH2 gela irailetik martxan dela ospatuko du Elkar Hezik, ostiralean

2024/01/16
Card image cap
Matrikulazio prozesuan familiek eta herritarrek erakutsitako babesa eskertzeko ekitaldia izango da

  2023-2024 ikasturterako plazen banaketa-sistema berriak ezinegona sortu zuen herriko ikastetxe eta familia askorengan. Hasieran, Elkar Hezi ikastetxean 2 urteko neska-mutikoen gelarik ez zela irekiko zabaldu zen eta bertan aurre-matrikula bete zuten haurrak herriko beste bi ikastetxeetara bideratu ziren. Ikastetxeak ez zuen etsi, eskolako familia eta herritar askoren babesa jaso zuen eta besteak beste, giza-katea egin zen ikastetxea eta herriko plaza lotuz, eta Hezkuntza Sailarekin negoziatzen jarraitu zen. Ondorioa, irailean, HH2 mailako gela ireki zela Elkar Hezi ikastetxean.

  Jasotako babesa eskertu eta gela berria martxan dela ospatzeko jai giroko ekitaldia antolatu da ostiralerako Arantzazuko Ama kaleko eraikinean. 16:30etan txokolate jana izango da haurrentzat, ondoren, ikuskizuna izango da eta amaitzeko luntxa eskainiko zaie guraso eta herritarrei.

  Elkar Hezik antolatu duen eskertze-ospakizuna matrikulazio prozesu berria hasi bezperetan dator. 2024-2025 ikasturterako aurre-matrikula, otsailaren 7tik 23ra bete beharko da eta behin behineko zerrendak martxoaren 26an kaleratuko dira. Hezkuntza sailak iaz martxan jarri zuen plazen banaketa-sistemarekiko aldaketa esanguratsu bat egin du eta eskatutako ikastetxean anai-arreba duen ikasle berriak plaza ziurtatuta izango duela jakinarazi da. Baina arrazoi sozio-ekonomikoak eragin dezakeen segregazioari aurre egiteko irizpideak mantenduko dira eta ikastetxe publiko eta itunpekoek plaza kopuru jakin bat gorde beharko dute ikasle zaurgarrientzat. Eskaerak baloratzerakoan puntu gehien emango dute, familia-etxetik eta gurasoen lanlekuetatik ikastetxerainoko distantziak, ikastetxean jada anai-arrebarik ikasten ari ote den eta familia-errentak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!