Oñatiko udala

Hezitzaileak kalean ibiliko dira, hondakinen inguruko informazioa eman eta intzidentziak zuzentzen

2023/01/11
Card image cap
Mankomunitateak babesten duen egitasmoa 7 astez luzatuko da eta Oñatin eta Antzuolan egingo da

  Debagoieneko Mankomunitateak bi hezitzaile kontratatu ditu, datozen asteotan Oñatin eta Antzuolan hondakinen inguruko informazioa eman eta intzidentziak zuzentzeko. Hezitzaileak kalean ibiliko dira, arratsaldero, bilketa puntuetan agertzen diren arau hauste eta intzidentziak erregistratu eta dagokien erantzuna emateko. Halaber, erabiltzaileei hondakinak nola bereizi eta atera behar diren azalduko diete. Herritarrei ez ezik, merkatariei ere zuzenduko zaizkie.

  Oñati eta Antzuolako bereizketa tasak oso onak dira, eta orokorrean sistemaren funtzionamendua egokia da, Mankomunitatetik azaldu dutenez. Baina beti hobetu daiteke eta horregatik informazio eta sentsibilizazio kanpaina ezberdinak egiten dira, aldika. Iaz, esaterako, esekitokien beheko posizioak hutsik utzi ziren, edukiontziak erosoago eskegi ahal izateko, eta eskuorri informatiboak banatu ziren etxeetara. Neurri horiekin jarraituz, heziketa kanpaina berezi hau egitea erabaki dute, gutxiengoa izan arren, jokabide desegokiak edo arau hausteak ikusten direlako oraindik. Hondakinak bereizi gabe lurrean uztea, hondakinak dagokion edukiontzian atera beharrean zuzenean poltsan ateratzea, edota ordutegia errespetatu gabe ateratzea dira, besteak beste, arau hauste ohikoenak. Jokabide okerrak zuzentzeko helburua du heziketa kanpaina honek.

  Herritarrek egiten duten ahalegina eskertu nahi du Mankomunitateak, eta bide horretan jarraitzera animatzen ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!