Herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko soziala eta irekiera instituzionala arautzeko ordenantzaren tramitazioari ekin dio Udalak

Partaidetza eta Garapen Komunitarioko udal departamentuak herritarren parte-hartze, lankidetza publiko-sozial eta irekiera instituzionalerako araudia idatzi asmo du. Araudi horren xedea izango da Oñatiko Udalaren eta herritarren arteko informazio-eskubideari, gardentasunari eta komunikazioari lotutako tresnak eta egiturak definitzea, bai eta herritarren eta Udalaren arteko harreman-modu eta partaidetza-bide berriak arautzeko bitartekoak, mekanismoak eta prozedurak zehaztea ere. Azken batean, arau-oinarria ema nahi zaio herritarrak ardatz dituen gobernantza ereduari.
Araudiak honako premisa hauek beteko ditu: eskuragarritasuna, gardentasuna, ulergarritasuna, publizitatea, interes komunaren lehentasuna, irisgarritasun unibertsala, datu pertsonalen babesa, kontuak ematea, partaidetza, elkarrekikotasuna, lankidetza, aniztasuna, berdintasuna, eta diskriminaziorik eza, intersekzionalitatea eta inklusioa.
Ordenantzaren tramitazioari dagokion aurretiazko kontsulta publikoa abian da eta ekarpenetarako 20 lanegun finkatu dira; epea martxoaren 15ean amaituko da. Bitartean, ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek, dagokien formulario edo orria bete ahal izango dute udaletxeko HAZ bulegoan edo udal webgunean.
Zabalik den kontsulta publikoaren helburua da herritarren iritzia ezagutzea bai ordenantzaren bitartez konpondu nahi diren arazoen inguruan, arauaren egokitasun eta helburuez, edota jarraitu litezkeen beste aukera erregulatzaile batzuen inguruan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!