Herritarren partaidetza sustatzeko teknikari berria hautatzeko prozesua osatu da

2015/05/19
Card image cap
Euskarazko azterketa eta merituen balorazioaren emaitzak ikusgai daude

  Euskarazko azterketa, froga teoriko eta praktikoa gainditu zuten hiru hautagaiek egin zuten eta hirurek aprobatu dute. Ondorioz, lanpostua betetzeko duten formakuntza osagarria eta esperientzia hirurei baloratu zaie. Meritoen balorazioaren emaitzak eta euskarazko azterketarenak ikusgai daude udaletxeko iragarki taulan eta www.oñati.eus atarian. Emaitzak ikusgai jartzearekin batera, erreklamazioak aurkezteko epea ireki da. Erreklamazioak, etzi, ostegunera arte aurkeztu daitezke. Ondorioz, puntuazioan aldaketak egon daitezke baina oraingo puntuak eskutan, Onintza Andres Arantzetak 8 puntu pasatxoko aldea ateratzen dio bigarren sailkatuari. Pentsatzekoa da, epai mahaiak bere aldeko proposamena helaraziko diola Udalari baina horretarako, gutxienez, ostegunera arte, erreklamazioetarako epea bete arte itxaron beharko da. Baina lanpostua betetzeko hautaketa prozesua osatu da jada eta garapen komunitarioa eta herritarren partaidetza teknikari berria izendatzea, egun gutxitako kontua da.

  Udalak, herritarren partaidetza sustatzeko teknikaria, aldi baterako eta lan jardun erdiz kontratatuko du.
Teknikari berriaren zeregina, besteak beste, herritarren artean partaidetzaren kultura eta izaera komunitarioa zabaltzea, harremanetarako eta parte hartzeko gune eta aukerak eskainiz. Udalak abian jartzen dituen parte hartzeko prozesuak kudeatu eta dinamizazio funtzioak betetzea, hauek martxan jarri aurretik diseinatzea eta ezartzea eta gerora ebaluazio lana egitea. Aldi berean, halako prozesuak martxan jartzeko beharrezko harremanak izan beharko ditu erakunde eta eragileekin eta udal departamentuei ere aholkularitza eskaini beharko die beraien politiketan herritarren partaidetza kontutan hartu dezaten.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!