Herriko pentsionisten asteroko elkarretaratzeak eten egingo dira, irailera arte

2021/06/23
Card image cap
Azken kontzentrazioa astelehenean egingo da

  Horixe jakinarazi zen plazako azken elkarretaratzean, ekaina amaitzearekin batera etengo direla asteleheneroko bilkurak, irailera arte. Datorren astelehenekoa beraz, ikasturteko azkena izango da. Aurrez, ostiralean, Olakuako urmaelaren inguruan egitekoa zen hileroko elkarretaratzea ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Beraz, hileko azken ostiraleko hitzordua ez da beteko etzi, bai ordea, denboraldiko azkena, ekainaren 28an, plazan. Pentsio duinak eskatzeko kontzentrazioa ohiko moduan izango da, 12:00tan Foruen enparantzan.

  Horrenbestez, herriko jubilatu eta pentsionistek amaiera emango diote ekintza eta aldarrikapenez gainezka izan duten 2020-2021 ikasturteari. Aurtengo berezitasuna izan da ekintza gehienak herrian egin beharra, hainbat hilabetetan luzatu zen udalerrien itxiera perimetralak ondorio hori eragin baitzuen. Asteleheneroko elkarretaratzeez gain, Toledoko itunaren murrizketen kontra bi manifestazio egin ziren, abenduan eta otsailean. Eta herri mailan egin diren beste ekimen batzuetan ere parte hartu dute pentsionistek. Baina Oñatitik pasa zen Gipuzkoako pentsionisten bizikleta martxari ongi-etorria egin zioten eta Donostian egin zen manifestaziora joan ziren.

  Ikasturte hau ere ez da erraza izan, ezta pentsionistentzat ere. Askok, elkartzeko beldurra izan dute, Covid-19az kutsatu zitezkeela eta. Baina asteleheneroko elkarretaratzeetan bereziki zaindu dira auto-babeserako neurriak, distantziak gordez edo musukoa jantita eramanda, esaterako. Horrela, mugimenduak hirugarren urteurrena bete zuen urtarrilean.

  Deskantsua hartzeko unea iritsi da. Askok gainera, oporretan dauden bilobak zaindu ohi dituzte udan eta horregatik, uztaila eta abuztuan ohiko etenaldia egitea erabaki da. Ekainaren 28koaren ondoren, hurrengo elkarretaratzea, irailaren 6an egingo da. Halaxe gogoratuko da berriro astelehenean plazan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!