Herriko pentsionisten Olakuako elkarretaratzean maiatzaren 1a aldarrikatu eta ospatu dute

2022/04/29
Card image cap
Pentsioen eroste ahalmena bermatzeko firma-bilketa egingo dute maiatzean, Diputatuen Kongresuan aurkeztuko helburuz

  Pentsio publiko duinak, kalitatezko egoitza publikoak, KPI errealaren pareko igoerak eta lan duina eta kalitatezkoa aldarrikatu dute Olakuako urmaelaren aurrealdean  eguerdian elkartu diren pentsionistek, langileen eguna, maiatzaren 1a goratzearekin batera. Hainbat hilabeteren ondoren azken ostiraleko Olakuako hitzordua berreskuratu eta berritu dute. Bide batez, bai gaur eta baita astelehenero plazan egiten dituzten eskaerak sinatuz maiatzean abiatuko duten kanpainari hasiera eman diote. Pentsioen, eta pentsionisten, erosmen ahalmena bermatzeko firma bilketa egingo da maiatzean zehar, eskaera Diputatuen Kongresura eramateko helburuz.

  Sinadura bilketa Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak sustatzen du eta hiru eskaera konkretu biltzen ditu: pentsioen erosteko ahalmenari eustea, benetako KPIaren arabera neurtu eta eguneratzea eta gutxieneko pentsioen igoera. Sinatzeko idatzian zehazten denez, pentsionistek %3ko erosketa ahalmena galdu zuten iaz, eta hori konpentsatzen joatea eskatuko diete Kongresuko diputatuei. Genero-arrakala ezabatzea, gutxieneko pentsioak handitzea eta, orokorrean, pentsio publiko duin, bidezkoak eta nahikoak bermatzea eskatzen da, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetzea eta sistemaren pribatizazioa baztertuz.

  Sinadura bilketa maiatzeko lehen hiru larunbatetan egingo da, maiatzaren 7, 14 eta 21ean, plazan eta Olakuan, 12:00tatik 14:00tara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!