Oñatiko udala

Herriko pentsiodunak hainbat ekitalditan parte hartzera gonbidatu dira

2022/11/16
Card image cap
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko emakumeen bigarren asanblada egingo da ostiralean eta pentsiodunen manifestazioa larunbatean

  Prekarietatearen gaia oinarri izango da Euskal Herriko emakume pentsiodunen bigarren asanbladan. Aktiboan dauden langileen artean soldata arrakala dagoen bezala, pentsioetan ere gizon eta emakumeen arteko diferentzia handia da, eta zer esanik ez, alargunen artean. Unean uneko erabakien arabera gainera, pentsioen kalkulua eta eguneratzea aldatu egiten da, zenbait pentsiodunek dituzten zailtasunak areagotuz. Guzti horretan eztabaidatuko da Gasteizen, ostiral goizean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko emakumeen bigarren asanbladan. Oñatiarrak bertan parte hartzera gonbidatu zituzten asteleheneko elkarretaratzean.

  Eta prekarietatea eta soldata eta pentsioen arrakala ere salatuko dira larunbatean Donostian egingo den manifestazioan. 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde, urteko KPIaren araberako eguneratzearen alde, gizarte zerbitzu unibertsal eta duinen alde kalera irtengo dira berriro Euskal Herriko pentsiodunak. Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo dira manifestazioak, eragile zibil eta sindikatuek babestuta. Oñatitik, Donostiara joateko deia egin da eta eskualde mailako autobusa antolatu da. Oñatiarrek Elorregin hartuko dute Arrasatetik datorren autobusa, baina haraino ere elkarrekin joango dira. Horretarako izena eman behar da Olakua edo Arrano tabernetan. Izenarekin batera telefono zenbakia apuntatzea eskatzen da, Elorregiraino joan-etorria nola egin zehazteko. Manifestazioa Alderdi Ederretik  abiatuko da, larunbatean, 17:30tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!