Herriko mugikortasunaren inguruko gai garrantzitsuak eztabaidatuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/06/23
Card image cap
Herri guneko aparkaleku sistema berrirako proposamena eta Herribus zerbitzu publikoaren kudeaketa aztergai izango dira

  Irailetik aurrera martxan jarri asmo dira herri guneko aparkaleku sistema berria eta Herribus zerbitzua. Aurrez dena den, hainbat erabaki hartu behar dira eta horietako zenbait arratsaldeko bilkuran eztabaidatuko dira. Oñatiko Mugikortasun Planaren baitan, herri guneko aparkaleku sistema aldatzea aurre ikusten da, zenbait gunetan, aparkalekuen erabilpena areagotzeko errotazio sistema jartzea aztertzen ari dira. Baina proposamenak arratsaldeko bileran azaldu eta jorratuko dira. Bide batez, eta herri barruko mugikortasuna errazteko, Herribus, garraio zerbitzu publikoa jarriko da. Honen kudeaketaz ere eztabaidatuko da Udal Gobernu Taldearen bileran.

  27 gaiko lan zerrendan jaso diren punturik esanguratsuenak dira horiek, bereziki, herri guneko trafiko eta mugikortasunean izango duten eraginagatik, baina beste gai azpimarragarri batzuk ere aztertuko dira arratsaldeko bileran. Hara nola, haur eta gaztetxoei zuzenduta, udarako antolatu diren ekintzen programazioa azalduko da, Gaztelekuan, uztailean izango diren kontzertu eta ikuskizun eszenikoen berri emango da eta abuztuko egutegia eztabaidatuko da. Abuztuan, herrian izango diren jai ezberdinetarako baimen eskaerak ere mahai gainera aterako dira. Aurten lehen aldiz, Bidebarrieta kaleko jaiak ospatuko dira, abuztuko azken asteburuan izango dira. Lehenengo asteburuan berriz, ohikoa denez, San Lorentzoko jaiak ospatuko dira. Bi jai batzordeen eskaerak aztertuko dira arratsaldeko bileran. Eta Lizargaraten, abuztuaren 28an izango den urteroko jairako baimena ere aztertuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!