Oñatiko udala

Herriko merkatariak digitalizazioan trebatzeko programa abiatu du Udalak

2021/05/26
Card image cap
Formakuntza, praktika eta aholkularitza pertsonala uztartuko dituen egitasmoan izena emateko epea zabalik dago

  Bitarteko digitaletan presentzia areagotuz, Oñatiko merkataritza eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzea da udaleko Sozioekonomia departamentuak sustatzen duen programa berri honen helburua. Denda fisikotik haratago tresna ezberdinak martxan jarri eta salmenta puntuarekin osagarriak diren kanalak zabaltzea eta tresna digitalen erabilera hurbiltasunarekin eta banakako tratuarekin bateragarri egitea. Horretarako, partaide bakoitzaren mailaren eta beharren araberako formazioa eta praktika egingo da.

  Programa hiru fasetan gauzatuko da: diagnostikoaren fasean negozio bakoitzaren abiapuntua zehaztuko da eta gaitasun digitalak hobetzeko ibilbide pertsonalizatua diseinatuko da; bigarren fasean, neurrira egindako formazioa eta aholkularitza emango da eta tresna digitalen ezarpen fasean prozesu osoan espezializatutako orientazio eta laguntzaren bidez ikasitakoa negozioaren eguneroko jardunean aplikatuko da.

  20 bat orduko formazio, praktika eta aholkularitza programa izango da guztira eta partaideak dendariak izango direnez, beraien ordutegira moldatuko da. Udalak bere gain hartuko du programaren kostua, beraz, merkatarientzat doan izango da, baina hasi eta bukatzeko konpromisoa eskatzen da, hau da, prozesu osoan lan egiteko konpromisoa eskatzen da.

  Oñatiko merkatariak digitalizazioan trebatzeko programan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, ekainaren 4ra arte. Argibide gehiagorako udaleko Sozioekonomia teknikariarengana jo behar da, 943 003 198 telefono zenbakira deituta edo mezua bidalita enplegu@onati.eus helbide elektronikora.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!