Herriko jubilatu eta pentsionistek Gasteizen egingo den elkarretaratzean parte hartuko dute, ostegunean

Legebiltzarraren aurrean Euskal Herriko pentsionistek egingo duten elkarretaratzea ostegunean, maiatzaren 12an, 12:00tan izango da. Baina Gasteizen 11:00tarako egotea komeni da, ordu horretan Plaza Berritik abiatuko baitira pentsionistak Legebiltzarrerainoko bidea osatzeko. 1080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko mozioa aurkeztuko dute pèntsionistek Legebiltzarrean eta eskaera babesteko ekintza izango da manifestazio-elkarretaratzea.
Oñatitik autobusa antolatu da ostegunerako eta lekua hartzeko izen-ematea zabalik dago, maiatzaren 10era arte. Izena Arrano eta Olakua tabernetan eman daiteke, edo astelehenean, plazan egingo den asteko elkarretaratzean. Gasteiza joateko autobusa 9:45tan irtengo da Postetxe aurrealdeko geltokitik.
Bide batez gogoratu bihar hasiko direla herriko pentsionistak pentsioen eroste ahalmena bermatzeko sinadurak biltzen, Diputatuen Kongresuan aurkeztuko helburuz. Sinadura bilketa Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak sustatzen du eta hiru eskaera konkretu biltzen ditu: pentsioen erosteko ahalmenari eustea, benetako KPIaren arabera neurtu eta eguneratzea eta gutxieneko pentsioen igoera. Sinatzeko idatzian zehazten denez, pentsionistek %3ko erosketa ahalmena galdu zuten iaz, eta hori konpentsatzen joatea eskatuko diete Kongresuko diputatuei. Genero-arrakala ezabatzea, gutxieneko pentsioak handitzea eta, orokorrean, pentsio publiko duin, bidezkoak eta nahikoak bermatzea eskatzen da, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetzea eta sistemaren pribatizazioa baztertuz. Sinadura bilketa hileko lehenengo hiru larunbatetan egingo da, maiatzaren 7, 14 eta 21ean, plazan eta Olakuan, 12:00tatik 14:00tara.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!