Herriko jolas parkeetan hainbat mantentze eta konponketa lan egingo dira datozen egunetan

2018/06/21
Card image cap
15.300 euroko aurrekontuaz, oinarrizko mantentze lanak egingo dira 8 haur parketan

  GARRA enpresa kontratatu zuen udalak herriko jolas parkeen mantentze lanak egin zitzan. Horren arabera, enpresako ordezkariek herrian dauden haur parke guztiak ikuskatu zituzten maiatzean zehar eta bakoitzaren egoera zehatza emanez txostena osatu zuten. Idatzian, konpondu beharreko elementuak zerrendatzen dira, lan bakoitzak izango lukeen aurrekontua zehaztuz.  Apurtu edo usteldutako elementuak aldatu, jolas tresnak margotu, zoruko goma berria bota edo jolas parkean dauden aparatuak zein adinetako haurrei zuzentzen diren adierazten duten kartelak jartzea proposatzen da GARRA enpresak osatu duen txostenean. Lan guzti horiek egiteko aurrekontu orokorra handia da eta udalak ez du hartarako partidarik. Oinarrizko mantentze lanetarako bai, eta horiek egitea erabaki du gobernu taldeak.

  Herriko 8 jolas parketan egingo dira lanak: Errekalde eskolakoan, Moiua kalekoan, Olakua, San Lorentzo eta Ugarkalde auzokoetan, kiroldegi aurrekoan, Errementari plazakoan eta Kalegoienakoan. Apurtutako elementuak ordezkatu edo konponduko dira eta zenbait kasutan margotu ere egingo dira. Lanik handienak San Lorentzoko parkean egingo dira, inbertsioaren bostetik bat hemen egingo baita.  San Lorentzoko jolas parkea asko erabiltzen da eta tarteka berritu bada ere, herrian daudenetatik zaharrenetakoa izango da, seguruenik. Horrek noski, jolas elementuen egoeran eragina du. GARRA enpresak gomazko zorua eta bide batez, parkeko elementu guztiak berritzea proposatu zion udalari, baina oraingoz ez da halakorik egingo. Apurtutako elementuak soilik konponduko dira. Kolpeak leuntzeko gomazko zorua Errementari plaza eta kiroldegi aurrealdeko parkean ere berritzea proposatu zen baina horiek ere ez dira egingo oraingoz, aurtengo aurrekontuetan ez dagoelako lan orokor horietarako partidarik.

  Aste honetan bertan hasi eta datozen egunetan egingo dira herriko zortzi jolas parketan mantentze eta konponketa lanak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!