Oñatiko udala

Herriko jolas guneen diagnostikoa abiatu du Udalak

2022/04/04
Card image cap
Apirilaren 7an egingo da lehenengo saio irekia, haur, gazte, guraso eta hezitzaileei zuzenduta

  Projekta Urbes enpresa kontratatu du Udalak jolas guneen diagnostikoa egin eta proposamenak zehazteko. Modu parte hartzailean egingo da eta horretarako prozesua ostegunean abiatuko da, apirilaren 7an.

  Jolasteko ez ezik, harremanetarako lekuak ere badira haur eta gazteen jolas guneak, eta harreman horiek espazioaren konfigurazioaren eta, ondorioz, erabileraren araberakoak izaten dira. Beraz, jolaserako erabiltzen diren espazio publikoen eta jolas gune moduan diseinatuta dauden horien diagnostikoa egin nahi du Udalak, etorkizuneko beharrak eta eskaerak identifikatu eta horiei erantzun ahal izateko. Izan ere, gizartearen antzera, denbora pasarako moduak, heziketa metodoak eta jolas gune ereduak ere aldatuz baitoaz. Espazio hauek bete beharko luketen helburuak garbi ditu Udalak baina nola egin zehaztu nahi du.

  Nola egin horretan erabiltzaileengana joko da parte-hartze prozesua burutuz. Hiru mahai eratuko dira: guraso-hezitzaile-zaintzaileena, 6-12 urte bitarteko haurrena eta 12 urtetik gorako nerabeena. Ume txikien iritzia ere jaso asmo da baina horiek guraso-herzitzaileen eskutik bideratuko dira. Lan talde bakoitzarekin hiru bilera ireki egingo dira eta lehenengoa ostegunean, apirilaren 7an egingo da. Bigarrena, Aste Santuko oporren ondoren eta azkena, maiatza-ekaina inguruan, azken proposamena Udalari aurkeztu aurretik. Egitasmoa aurkeztu eta datuak bildu, diagnostikoa osatu eta partaideekin kontrastea egiteko izango dira hiru saio horiek.

  Udako oporren aurretik Udalari aurkeztu asmo zaion proposamen txostenak irizpideak bilduko ditu, ez bakarrik eman beharreko hurrengo urratsetarako baizik eta egiten dena, eta egin gabe uzten dena, ebaluatzeko ere.

  Herriko jolas guneen diagnostikoa osatzeko lehen parte-hartze bilera irekiak ostegunean, apirilaren 7an egingo dira Gaztelekuan: 17:00tan guraso-zaintzaile-hezitzaileekin, 18:00tan 6-12 urte arteko haurrekin, eta 19:00tan, 12 urtetik gorako nerabeekin. Parte hartu nahi duten herritar guztiak daude gonbidatuta.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!