Herriko ikastetxeek beren egunak ospatuko dituzte

2016/04/18
Card image cap
Txantxiku ikastolak, larunbatean, Urgainek, ekainaren 4an eta Elkar Hezik, ekainaren 18an

  Ikastetxearen Eguna, ikasle, irakasle, guraso eta langile komunitateak biltzeko ikastetxeek egiten duten hitzordu berezia da. Herriko ikastetxe guztiek beren eguna ospatzen dute eta aurtengoak finkatuta dituzte jada.

  Guztietan lehena, Txantxiku Ikastolaren eguna izango da, larunbatean bertan. Ohikoa denez, goizez, tailerrak, jolasak, puzgarriak , erakusketa eta eskulanak izango dira Santa Ana eraikinean eta plazako pilotalekuan. Arratsaldean berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen AMALUR ikuskizuna birritan emango da Zubikoako pilotalekuan. Horretarako sarrerak ikastolako idazkaritzan salgai daude. Urgain Eguna berriz, ekainaren 4an ospatuko da. Herriko ikastetxe publikoen arteko ibilalditxoa egingo da goizean eta lagunarteko bazkaria berriz, institutu aurrealdeko plazatxoan. Bazkalostean herri kirolak eta dantzaldia. Elkar Hezi Eguna, azkenik, ekainaren 18an izango da. Hauek ere bazkaria eta ikuskizunak antolatzen ari dira eta horretarako, Zubikoako kantxa erabili ahal izatea eskatu diote Udalari.

  Udalak, eskatutako instalazioak eta materiala erabiltzeko baimena ez ezik, ekintzak aurrera eramateko baimena ere eman die herriko ikastetxe guztiei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!