Oñatiko udala

Herriko ikastetxeak, ikasturte berrirako matrikula epeari aurre hartuz antolatu dituzte ate ireki jardunak.

2014/01/22
Ikastolan, ostiralean egingo dute eta Elkar Hezin eta Urgain-Errekalden otsailaren lehenean. 2014-2015 kurtsorako izen ematea, otsailaren 3tik 14ra egin beharko da.

  Txantxiku ikastola izango da guztietan lehena. Hilaren 8an hasi zituen Txikitxoen jardunaldien baitan antolatu ditu ate ireki jardunak. Ikastolan, ostiralean irekiko dira interesa duten herritar guztientzat 0 eta 6 urte arteko ikasleen gelak. Gainera, POTXIN ETA PATXIN pailazoen emanaldia ere antolatu da. Pailazoak, arratsaldeko 5etan iritsiko dira Txantxiku ikastolara eta ordu horretan irekiko dira baita ere, Haur hezkuntzako gelak. Instalazioak ikusi eta lagun berriak egiteko aukera, 7ak arte luzatuko da.

  Elkar Hezi eta Urgain-Errekalden berriz, hurrengo asterako, otsailaren lehenerako utzi dute ikastetxeko instalazioak ikusi eta irakasle eta arduradunekin berba egiteko zita. Elkar Hezin, ikastetxeko ateak goizeko 10 eta erdietan irekiko dituzte. Eskola bisitatu ez ezik, hainbat ekintza egiteko aukera izango da. Ate ireki jardun hauek, ordu biak inguruan amaitzeko asmoa dago.

  Urgain-Errekalden zapatua izango den otsailaren lehenean baita ere, baina arratsaldez egingo dute ate irekien saioa, arratsaldeko 5etatik 7 eta erdietara gutxi gora behera. Hemen ere, instalazioak ikusi eta bertako arduradunekin hezkuntza proiektuaz berba egiteko aukeraz gain, haurrei zuzenduta hainbat tailer egingo dira. Amaierarako txokolatada antolatu da.

  Zuazola institutuan ere ate ireki jarduna eta informazio bilera antolatu dute otsailaren 6rako. Kasu honetan ez gurasoei zuzenduta soilik baizik eta lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara salto egiteko puntuan dauden ikasleei zuzenduta ere bai. Hau da, 6. mailan dauden neska mutikoentzat. Herriko ikastetxeetan antolatu ohi diren ate ireki jardun hauek bi helburu nagusi dituzte. Gurasoek zentro bakoitzaren instalazioak, zerbitzu eta baliabideak bertatik bertara ikusi eta bakoitzak duen hezkuntza proiektua ezagutzea. Eta bide batez, haurrei, ikaskide izan ditzaketen horiek ezagutzeko aukera ematea, nahiz eta bi urterekin asko ez diren horretaz ohartzen.

  Otsailaren 3an hasiko da ofizialki, derrigorrezko hezkuntza mailetan matrikula betetzeko epea. Baina herri mailan, ikastetxeak hasi dira jada hori prestatzen.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!