Oñatiko udala

Herriko ikasleek egindako proiektuak finantzatzeko diru laguntzak emango dizkie udalak hainbat enpresei.

2014/09/03
Batuak eta Nemesio Zubiak, enpresa garapen proiektuak egiteko 3 ikasle kontratatu dituzte praktiketan.

 

  Udalak eta herriko enpresek osatutako Sozioekonomia Foroaren helburuetako bat herriko enpresen arteko lankidetza sustatzea da. Foro horren baitan hainbat enpresei garapen proiektuak lantzeko aukera eskaini zitzaien. Era berean, udala, proiektu horien kostuaren zati bat bere gain hartzeko gertu azaldu zen beti ere, enpresek, lana egiteko, herriko ikasleak praktiketan kontratatzen bazituzten. Udalak emandako diru laguntza enpresek jasoko lukete praktiketan lanean ari diren ikasleei ordaindu ziezaieten.

  Lau izan ziren hasieran hartara animatu ziren herriko enpresak baina hiru dira proiektu konkretuak zehaztu zituztenak: Batuak, Nemesio Zubia eta Betik.

  Batuakek, karga-kapazitatea planifikatzeko sistema baten ezarpena lantzeko herriko ikasle bat kontratatu du. Eta Nemesio Zubiak berriz, bere aktibitatea bi negozio unitateetan banatzeko beste bi ikasle hartu ditu praktiketan. Bi enpresen kasuan, ikasleek proiektua gauzatu ahal izateko Saiolan eta Mondragon Unibertsitateko irakasleen aholkularitza eta tutoritza izango dute. Zerbitzu horien kostua da udalak beka edo diru laguntza gisa emango duena. Guztira, 9.000 euro pasa.

  Betik-ek ere, produkzioaren berrantolaketa proiektua garatu asmo du. Kasu honetan ordea, diru laguntza, proiektua bukatu ondoren eta aholkularitza zerbitzuaren kostua zehaztutakoan ordaintzea erabaki du udalak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!