Oñatiko udala

Herriko hiru ikastetxe publikoetatik bitan eragin nabarmena izan du gaurko greba deialdiak

2017/03/22
Card image cap
Urgain-Errekalden ez da eskolarik eman eta Zuazola-Larrañan, eskolen % 55a bertan behera geratu da irakasleek greba egin dutelako

  Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki! lemapean deitu dute Steilas, ELA eta LAB sindikatuek gaurko greba. EHIGEk, Euskal Herriko ikasleen guraso elkarteak ere babestu du deialdia. Gurean, atzo aurreratu bezala, ikastetxearen arabera jarraipen maila ezberdina izan du. Greba egitearen alde Urgain-Errekaldeko irakasleen % 93ak egin zuen eta Zuazola-Larraña institutuko irakasleen erdiek baina praktikan, lan uztearen eragina handiagoa izan da. Urgain-Errekalden ez da eskolarik eman eta jangela zerbitzurik ere ez, eta Zuazola-Larrañan eskolen % 55a bertan behera geratu da. Gainera, Zuazolan arratsaldez lantzen den Hauspoa proiektuko ekintzak ere  ez dira egin. Txiki Txoko Haurreskolan aldiz, normaltasunez aritu dira lanean.

  Hezkuntzako gehiengo sindikalak zazpi eskaera egin ditu gaurko greba egunean, azken urteetan antzeman dituzten murrizketak zuzentze aldera: irakasle gehiago kontratatzea, behin-behinekotasuna murriztea, ikasleen ratioa gutxitzea, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea, gaixoaldiak osorik ordaintzea, erosteko ahalmena berreskuratzea eta erretiro adina ez atzeratzea.

  Hezkuntza publikoan irakasle eta hezitzaileei zuzenduta gaur izan den greba deialdiaren ondoren, batxilergo eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta beste greba deialdi bat egin du biharko Ikasle Abertzaleak taldeak. Horrek ere eragina izango du Bigarren Hezkuntzako herriko zentroetan. Zuazola-Larrañan ikasleen gehiengoak greba egitea erabaki du baina Larrañako zenbait ikasle deialditik desbinkulatu eta bihar eskolara joango dira. Elkar Hezin ere, grebaren aldekoak gehiago izan dira baina askok, eskolara joango direla adierazi diote zentroko zuzendaritzari. Txantxiku ikastolan batxilergoko ikasleek greba egitea erabaki dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!